Inguruko ortuetan ekoiztutako tomateak Herriko Plazan jarriko dituzte, herritarrek ikus ditzaten (10:30-13:00), eta eguerdi partean sariak banatuko dituzte (14:00); barietate gehien aurkezten duenak jasoko du bertako produktuekin osatutako otarra, baita tomate itsusiena aurkeztutakoak ere. Azken hori herritarrek aukeratuko dute, eta botoa emandakoen artean ere beste otar bat zozketatuko dute.
Erakusketa bitartean tailer bat ere egingo dutela iragarri dute antolatzaileek: Nola lortu haziak. Hortaz, interesa dutenak plazako postura hurbil daitezela.
Tomatearekin egindako pintxoak
Herriko hainbat tabernak ere bat egin du Tomatearen Astearekin, eta pintxoak eskainiko dituzte eguerdi partean.
Hona hemen tabernak eta eskainiko dutena: Bedarreta: ahuntz gazta arrautza-irinetan pasata eta tomate konfitura; Gurea: tomatea arrautza-irinetan pasata, urdaiazpikoa, ahuntz gazta eta piperrarekin; Hirusta: tosta tomatea; Orly: bakailaoa tomatearekin; Exprex: Aretxabaletako tomatearen tartaleta urdaiazpiko eta parmesanoarekin; eta Taberna Berri: bakailao baranda galeper arrautzarekin, tomate krema eta ali-oli perrexil olioarekin.