Gaur hasiko dituzte San Migel jaiak Aretxabaletan, eta, urteroko ohiturari jarraituz, Aretxabaletako Gazte Ekimenak (AGE) bere egitaraua prestatu du jai hauek ospatzeko.
Hori dela eta, udaletxe zaharrean hainbat emanaldi egongo dira gaur –egubakoitza– eta bihar –zapatua–.
Bertso saio batekin emango diete hasiera jaiei, gaur, 19:30ean. Lekaixoka bertso-eskolako hiru bertsolari arituko dira nor baino nor gehiago: Martin Berrizbeitia aretxabaletarra, Xabi Igoa aramaioarra eta Haizea Arana eskoriatzarra.
Hori bukatu ondoren, kontzertu akustikoa egongo da, Idoia Asurmendi eta Leire Elejalde bikote aramaioarraren eskutik. 20:30ean izango da hori.
Bihar, berriz, oso bestelako musika egongo da entzungai udaletxe zaharrean. Izan ere, 20:00etan, Urretxu-Zumarraga gaztetxeko hainbat kidek osatzen duten Traka-traka Elektrotxarangaren emanaldia izango da.
Horren ostean, berriz, DJ Baltasarrek jarritako musikaz gozatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, 23:00etan hasi eta ordu txikiak bitartean.
Aretxabaletako Gazte Ekimenak udaletxe zaharrera gerturatzeko dei egin nahi izan die herritarrei: "Urtero moduan, taberna zabalik edukiko dugu asteburuan, eta herritar guztiei, ume, gazte zein helduei, dei egin nahi diegu hurbildu daitezen prestatu dugun egitarauaz gozatzera", azaldu du Andoni Lapuertak, AGEko kideak.
Gaineratu du eurak ere gogotsu daudela San Migel jaiak behar bezala ospatzeko. "Andra Mari jaiak oso gustura igaro genituen eta sanmigeletarako ere gogotsu gaude. Gure helburua beti izan da herritarren parte-hartzea bultzatzea eta oraingoan ere hala izango da. Beraz, disfrutatu dezagun".