Sei Pistols & Trabuko Bat taldeak girotuko du beste behin ere kantu afaria. Aitor Ziardegi taldeko kideak aipatu du urtero abesti berriak gehitzen saiatzen direla, baina aurten ez dutela berrikuntzarik sartuko: "Sanmigelak gainera etorri zaizkigu eta ez dugu abesti berririk prestatzeko astirik izan". Hala ere, azken orduko abesti berri bat egongo da kantu afarian. Gure Esku Dago-k proposatuta, Lluis Llach-en L'estaca abesti ezagunaren bertsio elebiduna abestuko dute. Kantuaren letra banatuko dute denek abesteko.
Herritarren parte hartzea
Inguruko herriekin alderatuz, Aretxabaletan beste inon baino arrakasta handiagoa izan du ekimenak hasieratik, eta bide beretik jarraitzen du; 650 bat herritar elkartuko dira gaur herriko plazan. Hala ere, gazte jende gutxi ikusten da. "Ez dakigu ze tekla jo gazte jendea erakartzeko", aitortu du Sei Pistols & Trabuko Bat taldeko kideak. Afarian jotzen diren kantu motek eragina izan dezaketela uste du Ziardegik, baina soluzioa ez da erraza, haren ustez: "Gatibu jotzen hasten bagara, kantu afaria baino gehiago, bertsio kontzertu bilakatzen da".