Antzerki hilabetea urriarekin batera dator

Maite Txintxurreta 2017ko ira. 27a, 17:00

Badator Aretxabaletako antzerki hilabetea. Izan ere, urriaren 3an hasi eta 21era arte, Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan hainbat antzezlan izango dira ikusgai, hainbat adinetako jendeari zuzendutakoak.

"Kale antzerkiak dagoeneko bere indarra hartu duela ikusita, orain nahi duguna da barruko antzerkiari bultzada nabarmen bat ematea", azaldu du Joxe Migel Uribarren kultura zinegotziak antzerki hilabetearen aurkezpen agerraldian.

Antzerki hilabete honetan, izango diren emanaldiez gain, nabarmentzekoa da Iurgi Etxebarria aretxabaletarrak emango duen Antzerki tailerra: “Imagine eta kitto”. Hamasei urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta Arkupen eman daiteke izena. Urriaren 7an izango da ikastaroa, goizez.

Denetariko antzezlanak

Antzezlanei dagokionean, denetarik izango dela aurreratu dute, Inma Miguel kultura teknikariak azaldu duen moduan: "Badaude maila profesionala daukaten konpainiak, eta amateur diren beste batzuk ere bai. Horrez gain, adin guztiak hartu ditugu kontuan. Adibidez, Zirika Zirkus daukagu, zero urtetik aurrerakoendako, eta baita nagusiendako edo 10-12 urtetik gorakoendako gomendatutako antzezlanak. Eskolekin ere hainbat ekintza antolatu ditugu, umeak gure aretora gerturatu daitezen".

Hain zuzen, antzerki hilabeteko lehendabiziko hitzordua datorren martitzenean izango da: lau eta bost urte bitarteko neska mutikoei zuzendutako Hankaz gora antzezlana, eta umeak eskola orduetan joango dira Zaraia aretora. Ameztu produkzioen eskutik, berdintasunaren inguruko istorioak ikusiko dituzte taula gainean. 

Aipatu bezala, antzezlanak Zaraia aretoan izango diren arren, eguazten iluntzean Txaro Gallego artista aretxabaletarrak kaleko performance bat eskainiko du, hain zuzen ere jendea Arkupeko emanaldietara gonbidatzeko asmoz.

Hala, nabarmentzeko emanaldien artean, esate baterako,  Txalo konpainiaren Etxeko Saltsak antzezlana izango da, egubakoitz gauean taularatuko dutena. Donostiako Aste Nagusian estreinatu zuten antzezlan hau, eta aktore ezagunek hartzen dute parte bertan: Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Itziar Garmendia eta Aitor Fernandino.

Antzerki hilabeteko emanaldien sarreren prezioa hiru eta lau euro artekoa izango da.

Egitaraua osorik

Jarraian, datozen egunotan Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan ikusgai egongo diren antzezlanen egutegia:

Urriak 3, martitzena (9:15 / 10:15 / 11:15) Ameztu produkzioak: Hankaz gora! Berdintasun istorioak. 4-5 urte bitartekoentzat.

Urriak 5, eguena (9:00 / 11:00) Markeliñe, Euria. 11-14 urte bitartekoentzat.

Urriak 6, egubakoitza (22:00) Txalo produkzioak: Etxeko saltsak. 12 urtetik gorakoentzat. Sarrera: 4 euro.

Urriak 7, zapatua (9:30-12:30) Antzerki tailerra Iurgi Etxeberriarekin: Imagine eta kitto. 16 urtetik gorakoentzat. Izen ematea: Arkupen. Plaza mugatuak.

Urriak 7, zapatua (22:00) Javier Liñera: Barro rojo. 12 urtetik gorakoentzat. 4 euro.

Urriak 8, domeka (17:00) Zirika Zirkus: Lara eta Larika. Publiko familiarra. Sarrera: 3 euro.

Urriak 15, domeka (17:00) Tomaxen abenturak: Hiru ipuin, hamaika irri. Publiko familiarra. 3 euro.

Urriak 21, zapatua (22:00) Alanbike teatro: In perpetuum mobile. 12 urtetik gorakoentzat 4 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak