Beste urte batez Aretxabaletak ere bat egingo du Europa mailan egiten den Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin. Hori dela eta, hurrengo egunotarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak. Partekatzeak urrunago eramango zaitu da aurtengo leloa, eta horrekin autoa partekatzera animatu nahi dituzte herritarrak, baita beste garraio mota batzuk erabiltzera eta prestatu diren ekintzetan parte hartzera ere.
'Nordic walking' saioa
irailaren 16an izango da, 10:00etan hasita, Ibarra kiroldegian. Bi ordutako saioa izango da, eta behin amaitutakoan gosari osasuntsua eskainiko zaie parte-hartzaileei. Interesa duen edonork eman dezake izena kiroldegian bertan.
Bizikleta martxa
Irailaren 17an egingo dute familia guztiarendako modukoa den irteera. 10:00etan hasiko da martxa Herriko Plazan. Handik Urkulura abiatuko da lehenengo, eta Torrebasorainoko bidea egingo du gero berriz ere herrira itzultzeko.
Bigarren eskuko azoka
Irailaren 20an, izango da Herriko Plazan 17:00etatik 20:00etara. Askotariko materiala saltzeko aukera egongo da bertan. Azokaz gain, gurpilen zulaketak konpontzeko tailerra eta bizikleta elektrikoen erakustaldia ere egingo dituzte.
Azokan bizikletak, patinak, patineteak, kaskoak eta bestelako materiala saltzeko aukera egongo da. Udala arduratuko da materiala jasotzeaz eta jabeak jarritako prezioan saltzeaz. Saltzen ez dena, bueltatu egingo zaio jabeari. Material bilketa martitzenean eta eguaztenean egingo dute Arkupeko harreran: martitzenean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta eguaztenean, goizez.