"Aratzen sorrera ezin da ulertu Atzegirena aipatu gabe", jakinarazi zuen Jokin Antxiak, Aratz elkartearen sortzaileetako batek atzo, irailak 12, egindako prentsaurrekoan. 1960an sortu zuten Atzegi (adimen urritasuna dutenen Gipuzkoako elkartea) adimen urritasuna dutenen eta horien familien bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin. "Eskualdeka antolatu zen eta Bergara aldekoa oso garrantzitsua izan da Atzegiren ibilbidean", zioen Antxiak. Eta aretxabaletarrak ere talde horren bueltan elkartzen hasi ziren.
Hezkuntza eta lana erronka
Hezkuntza izan zen lehenengo helburua, eta horretarako San Miguel patronatua sortu zen, Atzegiren eta Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren artean. 1964an zabaldu zuten Bergarako eskola eta 1968an, 60 plaza zituen eraikin berrira pasatu ziren. 1982-1983 ikasturtean Eusko Jaurlaritzak hartu zuen eskola horren ardura eta desagertu egin zen patronatua. Aretxabaletarrak orduantxe hasi ziren lanean, eskolarako garraioa ordaintzeko laguntza jasotzeko.
Bigarren erronka lan munduan zelan integratu izan zen. Gureak sortu zen orduan, 1975ean, Atzegik bultzatuta, eta Bergara erreferente izan zen. Ondoren, Arrasateko tailerra etorri zen, 1990an.
Aratzen lehen pausoak
Herriko adimen urritasuna dutenen bizi kalitatea hobetzeko egitasmo berriak abian jarri aldera aretxabaletarrek elkartzea erabaki zuten 1981ean. Hilero hasi ziren batzarrak egiten. "Urritasunak zituztenak identifikatzea izan zen lehenengo lana eta herriko elkartera gerturatzera animatzea", jakinarazi zuen Antxiak. Hala, taldea hazten joan zen eta beste urritasun batzuk (Aspace…) zituzten familiak ere gerturatu ziren zeresana zutelako. "Elkarteak diru apur bat izatea erabaki genuen, aparteko gastuetan familiei lagundu ahal izateko: bidaiak, botikak…". Horretarako jaialdiak antolatu zituzten (1981 eta 1984 artean kirol etxean eta 1985 eta 1999 artean Zaraia zineman) eta "herriak bikain" erantzun zuen: "Herriko eta inguruko musikariekin eta artistekin jardun genuen, eta unean uneko ospetsuak gonbidatuta". Azken urteotan ez dute jaialdirik egin baina 2000az geroztik gastronomia eta folklore jaialdian postua jartzen dute dirua batzeko helburuarekin.
Elkartea, baina, ofizialki 1992an sortu zuten hainbat traba antzeman zituztelako erakundeetara jotzerakoan. "Ondo pentsatutako erabakia izan zen. Seguru asko herri mailako Gipuzkoako elkarte bakarra izango gara, baina Atzegirekin eta gainerako elkarteekin harreman ezin hobea izaten jarraitzen dugu".
Babestutako etxebizitzak
"Ordura arte pentsatzen ez zena gertatzen hasi zen gero: adimen urritasuna zutenak gurasoen babesik gabe geratzen hasi ziren horien heriotzagatik. Horrek babestutako etxebizitzen beharra utzi zuen agerian", argitu zuen Antxiak atzo. Atzegik 1967an sortu zuen lehen zentroa horretarako, eta ondoren, beste hainbat etorri ziren: Villa Uliazpi (1967), Villa Careaga 1972), Fraisoro zentroa (1981)… 1989an horien guztien ardura Aldundiak hartu zuen Uliazpi sortuta.
1995ean Kasilda Iraeta aretxabaletarraren herentzia garrantzitsu bat jaso zuen Atzegik, eta herrian bertan inbertitzea erabaki zuen elkarteak. 2003an inauguratu zuten Durana kaleko 13. atarteko etxebizitza zortzi lagunendako, eta ondoren, hamasei lagunendako egokitu zen. "Horrek animatuta Aratz elkarteak alboko lokal bat erosi zuen, autonomia handiagoa izateko asmoarekin", zioen Antxiak.
Hezkuntza eta lan beharrak behin aseta aisialdiari heltzea erabaki zuten 1992an. "Ordutik urtero egiten dugu jaialdi bat. Hasieran aretxabaletarren eta eskoriatzarren artean zena 2000z geroztik eskualdeko kideen topaketa bihurtu zen. Eta kirol lehiaketetan ere parte hartzen dute Donostian eta Legazpin". 2004 eta 2012 artean bost film labur egin zituzten: Bidaia baten ametsa; Amapolia; Are-Bale; Ekipo eta Olympics. "Horiei esker ahaztezinak izan ziren hiru bidaia egin genituen Italiara Gongonzolako Cinema Nuovo jaialdian parte hartzeko".
Eskerrak laguntza emandakoei
Atzo egindako agerraldian gogoan izan zituzten 25 urteotan inguruan lagun izan dituzten eta egun ez daudenak. Era berean, laguntza emandako guztiak eskertu gura izan zituzten: "Gure ibilbide oparo hau ez litzateke posible izango laguntzarik gabe. Oso ezezko gutxi jaso ditugu. Eta beti egon zarete hor. Eskerrik asko, guztioi!".
Ospakizunak
Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi izango dira herrian irailaren 19tik 23ra bitartean. "Herritarrak gurekin bat egin eta gurekin batera ondo pasatzera animatu gura ditugu", adierazi zuten prentsaurrekoan elkartutakoek.
Aratzeko kideek 25 urteotan egindakoen berri jaso dute argazkietan eta horiek ikusgai egongo dira aste guztian herriko hainbat denda eta tabernatan.
Irailak 19, martitzena
• 19:00 Zine berezia: Adimen urritasuna dutenek egindako bost film labur. Arkupen.
Irailak 20, eguaztena
• 19:00 Pintxo pote musikatua txistulariek eta trikitilariek lagun eginda. Kaleetan.
Irailak 21, eguena
• 19:00 Antzerkia: Eguzki lorearen kondaira. Arkupen.
Irailak 22, egubakoitza
• 19:00 Batukada kaleetan.
Irailak 23, zapatua
• 11:30 25. urteurreneko ekitaldi nagusia.
• 13:00 Kale animazioa Oihulari Klownekin: De pronóstico reservado.