Egunotan jasoko dute aretxabaletarrek etxean Andramaixetako egitaraua. Kultura Sailari eta Gazte Ekimeneko kideei esker ekitaldiz gainezka datoz aurten ere herriko jai nagusiak, eta herritarrek zeresan handia izango dute beste behin.
Aretxabaleta kirol elkartearen ordezkaritza batek botako du txupina eta irakurri pregoia jaiak hasteko. Emakumeei eman gura diete protagonismoa UDAkoek: "Seguru asko gimnasia erritmikoko kirolari bat izango da mikrofonoa hartuko duena", jakinarazi du Agurtzane Elkoro presidenteak. Eta herrian egiten duten "lanaren errekonozimendua" delako oso pozik agertu da.
Jaietarako gogotsu daude era berean, Haurren Egunean txupina botako duten Xabi Antxia alkate txikia eta Laiba Mudassar alkate orde txikia. Biek ala biek lan handia izango dute, gainera, egun horretan, herritarren ordezkari izango direlako.
Txosnagunean herriko taldeak
Herritik sortua herriarrendako antolatua leloarekin txosnagunea herritarren topalekuetako bat izango da, eta herriko musikariek oholtza gertu izango dute. D-Skarga, Txerrikumeak, HKB, Gatributu, Criminal Remains eta Krisis taldeek jardungo dute besteak beste, eta rock, punk eta pop doinuekin girotuko dituzte hilaren 13a batzuk eta 16a besteek. Wood Strings taldeak, ostera, beste doinu batzuk ekarriko ditu: "Gitarra bi, bateria eta txeloarekin osatutako taldea gara. Country ukituak dituzten talde amerikarren bertsio batzuk egiten ditugu baina ez dakigu zelan etiketatu gure musika; etorri egin behar ikustera!", dio Eñaut Zubizarreta taldekideak. Eta musika elektronikoak ere izango du tokia, herriko eta kanpoko hainbat disko jartzaileri esker.
Horrez gain, beste hainbat herrikidek ere egingo dute lan jaiotan, kale bazterrak girotuko dituzte txistulariek eta 79. txirrindularitza lasterketaren antolatzaileek eta boluntarioek, esaterako.