145 urte ditu udaletxeko lorategiko zedroak eta hazten jarraitzeko baldintza ezin hobeak

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 26a, 10:23
Felix Iñurrategi lorategiko zedroa.

Irungo Arkeolan fundazioak Felix Iñurrategi lorategiko zedroa aztertu zuen joan den martxoan Udal ordezkariek eskatuta. 35,5 metroko garaiera du horrek eta 1,20 metroko diametroa, hortaz, urte asko izango zituela ondorioztatu zuten hasiera hasieratik.

Presler ginbaletarekin hiru mostra hartu zituzten, 45 eta 55 zentimetro arteko luzerakoak eta 0,5 zentimetro diametrodunak. Mostra horiek gero lixatu, txukundu eta aztertzeko gertatu zituzten. Lupa baten bitartez mostra horietako bitan hazkunde eraztunak zenbatu zituzten, eta kalkulatu zuten batek 144 eraztun zituela, eta besteak, 147. Behin hori jakinda ondorio fidagarriak atera daitezkeela adierazi dute Arkeolaneko adituek, eta Aretxabaletako zedroak 145 urte dituela jakinarazi dute. 

Era berean, hazteko baldintza ezin hobeak dituela dagoen tokian esan dute adituek, eta gaineratu, halako kasuetan zedroak 300 urte arte ere samur bizi daitezkeela. 

Porraren saria Rosa Mari Lasagarendako

Zedro horren adina eta garaiera asmatzeko Udalak abian jarritako porra Rosa Mari Lasagak irabazi du. "Datu horietara gehien hurbildu beharra zegoen. Eta Lasagak ia bete-betean asmatu du 145 urte eta 35 metro esan dituelako", jakinarazi du Joxe Migel Uribarrenek, porraren bultzatzailea izan den Kultura zinegotziak.

100 euroko bonua eskuratu du irabazleak Aretxarte elkarteko dendetan erabiltzeko. Parte hartutako guztien artean bertako produktuen otarra zozketatu dute eta Gorka Etxezarretak jaso du hori. Lehiaketan parte hartu duten zazpi gaztetxoek, ostera, irailean egingo den Magia Asterako sarrerak eskuratu dituzte. Porrarekin jasotako dirua Saharako eskoletarako materiala erosteko erabiliko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak