Datorren ikasturtera arte agur esan diote Auzokori

Mirari Altube Arrese 2017ko uzt. 7a, 14:33
Ikasturte bukaerako meriendan elkartutako emakumeak seme-alabekin.

Kanpotik Aretxabaletara bizi izatera etorritako hainbat lagun elkartu dira astero-astero Loramendi elkarteko kideekin euskara ahoan hartuta. Taldeko lanak, jaiak, egun bereziak izan dituzte eta eguaztenean, agur esan zioten elkarri merienda eginda.

Euskarak elkartu ditu astero-astero udaletxe zaharrean eta agur esateko ordua iritsi zaie astean. Loramendi elkarteak gidatutako Auzoko taldeak datorren ikasturte arte itxi ditu ateak, beti ere, indarberrituta itzultzeko asmoarekin.

Afrika iparraldekoak

Hamar-hamabi laguneko taldea elkartu da Nerea Zubillaga dinamizatzailearekin: "Nahiko talde egonkorra izan da, eta horrek erraztu egin du. Hortaz, pozik gaude ikasturtearekin". Afrika iparraldekoak izan dira gehien: "Batez ere Saharakoak, Marokokoak eta Aljeriakoak eta Pakistanekoren bat edo beste ere egon da. Emakumeak dira gehiengoa, eta horien egoera aldatzen joan da ikasturtea hasi zenetik; hasieran senarrak lan egin bitartean umeen kargu zeuden gehienak baina orain lanean hasi dira asko: Caritasen, Gu Haziak Gara elkartean… Hala ere, bateratu egiten dute lana eta Auzoko", dio Zubillagak.

Herrian integratzea

Maragua sahararra eta Fatiha marokoarra dira taldean elkartu diren bi kide, eta eguaztenean elkar agurtu ziren meriendatxoa eginda udaletxe zaharrean. Maraguak bi urte daramatza Aretxabaletan eta aurretik Eskoriatzan eta Bizkai aldean ere bizi izandakoa da; horregatik, euskaraz gero eta hobeto egiten du: "Oraindik apur bat bakarrik, baina gehiago ikasi nahi dut", dio. Era berean, oso pozik dago Aretxabaletan: "Jende jatorra topatu dut, eta inguruko parajeak ere oso politak dira: Urkulu, Udala…". Fatiha, ostera, Sevillan sei urte egin ostean etorri da eta oraindik ez du urtea bete herrian. Hala ere, argi du bertako hizkuntzara gerturatzea oso garrantzitsua dela.

"Elkarbizitza eta integrazioa bultzatzeko da inportantea Auzoko eta datorren ikasturtean ere horretan jarraituko dugu", adierazi du Zubillagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak