Miren Aranzabalendako Ostegun Bidaiariak egitasmoko saria

Artemaneko Gorka Zubizarreta, Miren Aranzabal eta Unai Elkoro alkatea.

Ostegun Bidaiariak egitasmoaren bosgarren edizioa bukatu da eta kontakizunak ikusi eta entzun dituztenek Miren Aranzabal hautatu dute irabazle. 100 euroko saritxoa jaso du horrek Unai Elkoro alkatearen eskuetatik.

Bidaietan bizitakoak partekatzea du helburu Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioakek antolatutako Ostegun Bidaiariak egitasmoak, eta helburu horrekin lau eguenetan, herriko lau tabernatan, diaporama emanaldiak izan dira. Aurten Mondragon Unibertsitateko ikasleek eskaini dituzte eta ikasketekin zerikusia duten bizipenen kontakizunak izan dira.

Publikoak botoa emateko aukera izan du emanaldi bakoitzaren bukaeran urtero lez, eta boto horiek erabaki dute Miren Aranzabal elorrioarra izatea irabazlea. Enpresa-ikasketen zati bat Kanadan egin zuen Aranzabalek eta han bizitakoen berri eman zien Express tabernan elkartutakoei: "Jende asko elkartu zen, etxekoak eta lagunak ere gerturatu ziren eta. Giro goxoa sortu zen guztien artean eta oso gustura egon nintzen", adierazi du. Pozik hartu du 100 euroko saritxoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.