"Eskumutur hau azelerometro bat da, eta egunean zenbat pausu ematen ditugun neurtzen du, eta horren arabera, egindako distantziak ere bai. Horrez gain, gauean gure loaren kalitatea ere neurtzen du. Hortaz, nik preskribatutako jarduera fisiko hori kuantifikatzeko oso baliagarria da", azaldu du Atxabalta Mugiko arduraduna den Iñaki Olaetxeak.
Atzo emandako hitzaldira bertaratutakoei eskumuturra nola erabili azaldu zien Iñaki Olaetxeak. Azaldu duenez, eskumuturrekoak jasotako datuen jarraipena Atxabalta Mugiko teknikariak egingo du: "Guk eskumuturrekoa emango diegu erabiltzaileei, eta gero, software plataforma baten bitartez jarraipena egiten dugu".
50 euroko fidantzapean eskuratu daiteke eskumuturreko berezi hau, eta sei hilabetez izan ahal izango du bakoitzak, ondoren erabiltzaileen artean errotatzen joango direlarik. Dena den, epe horren ostean eskumuturra erosteko aukera ere badago. Interesatuak Durana kaleko Atxabalta Mugiren bulegotik pasa daitezke.
Lehen urteko balorazioa
Atxabalta Mugi egitasmoak urtebete darama martxan herritarrengan, eta bereziki hirugarren adinekoengan, bizitza aktiboa sustatu nahian. Orain arteko ibilbidearen balorazio positiboa egin dute, eta urtean zehar parte hartzaile kopuru aldetik gorabeherak izan dituzten arren, "pozik" azaldu dira: "asko ikasi dugu, eta hobetu beharra badagoen arren, balorazioa oso positiboa da", dio Olaetxeak.
Gaur egun 67 pertsona daude Atxabalta Mugin izena emanda, eta gehienek modu aktiboan parte hartzen dute egitasmoan.
BI ikastaro berri
Bi ikastaro berri antolatu dituzte Atxabalta Mugin, Basotxo erretiratuen elkartearekin elkarlanean: yoga ikastaro bat eta indarra, koordinazioa eta oreka uztartzen dituen beste bat. Plazak mugatuak dira, baina oraindik ere badago izena emateko aukera.
Yoga ikastaroa martitzenetan eta eguenetan izango da, 16:00etatik 17:15era, gaur bertan hasita. Indar, oreka eta koordinazioko ikastaroa, berriz, martitzenetan eta egubakoitzetan egingo dute, 16:00etatik 16:45era.