Mondragon Assemblyk "proposamen berritzaile bat" garatu du eguzki panelak fabrikatzeko

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 5a, 17:29
Eguzki panelak fabrikatzeko ekipamendua. Iturria: http://www.mondragon-assembly.com

I+Gan egin duen ahaleginari esker, eguzki panelak muntatzeko "munduko makina automatikorik azkarrena eta efizienteena" garatu dutela adierazi du Mondragon Assemblyk.

Mondragon Assembly automatizazio eta robotikako soluzioen garapenean espezializatuta dago, eta "proposamen berritzaile bat" garatu du eguzki panelak fabrikatzeko. Makina ultra efiziente bat da, panelak osatzen dituzten zelulak soldadura sistema berritzaile eta zehatz baten bidez lortzeko ahalmenarekin. Garapen horren oinarrian I+Garen aldeko apustua dago, eta horri esker tabber stringer bat eskaini ahal izan du (zelulak soldatzeko makina), zeina pista bakar batean orduko 2.700 zelula soldatzeko gai dena. Datu honetan oinarrituta "munduan merkatuan dagoen tabberrik azkarrena" bihurtu dela dio Mondragon Assemblyk.

Mondragon Assemblyk "berrikuntzaren aldeko apustu nabarmena" egin du hazteko tresna gisa. Horrenbestez, produktuaren ikuspegitik, lehengai berriak lantzen ari da, efizientzia handiko eguzki panelak garatzeko helburuarekin, klimatologiaren aldetik muturreko baldintzak dituzten guneetara zuzenduta; esaterako, basamortura.

Atzipen errekor berria: 80 milioi
Kooperatibak azken hilabeteotan hainbat eskari bereganatu ditu, 80 milioi euroren muga gainditzea ahalbidetu diotelarik. Eskari zorro horrek "lan karga handia" bermatzen dio Mondragon Assemblyri aurtengo zein 2018rako.

Aretxabaletan berrogei langile eguzki energiaren negozioan
Nazioartean eguzki negozioaren merkatua erreaktiboa izanik, Mondragon Assemblyk 27 milioi euro baino gehiago baieztatuta dituela jakinarazi du. Eguzki panelak fabrikatzeko hainbat lerro automatiko osatu dira, makina indibidualekin batera. Guztiak ala guztiak balio teknologiko handikoak, Txina, India, Frantzia, Brasil, Aljeria, Singapur eta Turkia bezalako herrialdeetako nazioarteko proiektuetara zuzenduta.
Mondragon Assemblyren eguzki negozioak 40 lagun enplegatzen ditu dagoeneko Aretxabaletako plantan, eta "kooperatibaren garapenaren katalizatzaileetako bat" izan dela adierazi dute.

Aretxabaletan 15 lanpostu berri sortzeko aurreikuspena
Oso positibo eboluzionatzen ari da makineria bereziaren negozioa, izan ere, 50 milioi euro baino gehiagoren atzipenak lortu ditu, eta bere planta produktibo guztietan (Espainia, Mexiko, Txina, Frantzia, Alemania eta Brasil) gestio planean aurreikusitako baino proiektu eta jarduera gehiago dituzte. Horrez gain, epe laburrera lortzeko dauden aurreikuspenak 20 milioi euro baino gehiago dira. Kooperatibak dioenez horrek "bermatu egiten du enpresaren bilakaeraren jarraipena".

Lortu berri dituen eskariak automobilgintzaren eta lerro zuriaren sektoreetan zentratu dira, Mondragon Assembly nazioarteko "erreferentea" baita bertan, "bezeroei euren behar globalei erantzunez, hainbat kontinentetan duen presentzia estrategikoari esker". Gaur egun, proiektu global horietako batzuk Amerika, Europa eta Asiako lantegietan garatzen ari dira, non Mondragon Assemblyk ingeniaritza komun bat garatzen duen, ondoren lantegi bakoitzean inplementatzeko.
Bi negozioen ibilbide positiboa enpleguaren sorreran islatuko da, aurreikuspena baita Aretxabaletan 15 lanpostu berri sortzea, eta beste 30 lanpostu taldearen enpresetan, batez ere ingeniari elektroniko eta mekanikoen artean. Mondragon Assemblyren lan kargak, halaber, "eragin positiboa" izango du kooperatiba hornitzen duten tailerren jardueran kooperatibak adierazi duenez.

Berrogei urtetako historia
Mondragon Assembly 1977an sortu zen, egoitza Aretxabaletan du (Gipuzkoa) eta MONDRAGON Korporazioan integratuta dago; 2017an 320 lagun baino gehiago ditu bere lantaldean. Jarduera nagusia industri muntaketako prozesuen automatizazioa da, hainbat teknologia integratzearen bitartez. Nazioarteko presentzia nabarmena du Alemania, Frantzia, Mexiko, Txinan eta Brasilen dituen fabrikekin. Ekitaldi honetan fakturazio zifran errekorra lortuko du, 66 milioi euro inguruan, nazioarteko salmentak %85 baino gehiago izanik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak