Isidoro Uribesalgoren gaineko liburuxka herritarren eskura dago

Mirari Altube Arrese 2017ko mai. 5a, 10:15
Joxe Migel Uribarren Kultura zinegotzia, Aitor Antxia, Kepa Antxia eta Amaia Murgiondo.

Eskultore aretxabaletarraren biografia eta hark egindako obraren gaineko argibideak jaso ditu Aitor Antxia Leturiak liburuxka batean eta Udalaren laguntzarekin argitaratu. Atzo aurkeztu zuten hori herritarren aurrean eta liburuxka salgai dago Arkupen.

"Eskultore handia izan zen, haren eskulturak xehetasun guztiarekin eginda daude", zioen behin eta berriz Antxiak atzoko aurkezpenean. Isidoro Uribesalgo, baina, askorendako ezezaguna da eta hain zuzen herriko artista balioan jartzea da Udalaren helburuetako bat. "Eta zergatik ez haren obraren bat herrira ekarri", adierazi zuen bukaeran Joxe Migel Uribarrenek, Kultura zinegotziak.

Errotabarriko semea

Errotabarri errotan jaio zen Isidoro Uribesalgo Gurutzeta (1865-1915). Gaztetatik izan zen trebea eskulanetan, batez ere marrazkiak egiten eta buztina lantzen. Marianisten ikastetxean egin zituen lehen ikasketak eta gero Gasteizera bidali zuten haren trebetasuna ikusita.

Osaba Julian Zaloñarekin Erromara joan zen bidaian, eta hango eskulturekin maitemindu zen. Horregatik bertan geratzea erabaki zuen eta Arte eta Lanbideen Eskolan eman izena. Gipuzkoako diputazioaren pentsioa edo beka lortu zuen aurrerago eta hiru urtean egon zen Erroman. Handik bueltan lan asko egin zituen lehenengo Errotabarrin bertan (baserriaren kanpoaldean dagoen bustoa Julian Zaloña osabarena da), eta gero Donostian. Hark egindako obren artean daude Ordizian dagoen Urdanetaren eskultura, Eskoriatzako parrokiako Andre Maria Doloretakoa, eta Aretxabaletako parrokiako kristo etzana.

Horren guztiaren eta gehiagoren berri jaso du Antxiak, Kepa anaiaren eta Amaia Murgiondoren laguntzarekin, liburuxkan eta hiru eurotan daukate salgai Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak