"Esperientzia ahaztezina" izan da Maren Lezetarentzat Euskal Selekzioarekin jokatutako txapelketa

Maite Txintxurreta 2017ko api. 23a, 22:31
Maren Lezeta (berdez azkenaurrekoa) Euskal Selekzioko kideekin, Guadarraman (argazkia: R. Herrero/Aqui en la Sierra)

Futbolari gazte aretxabaletarra "oso ondo" ibili da egunotan Madrilen, Guadarraman. 12 urtez azpikoen Euskal Selekzioak deituta, estatuko erkidegoen arteko txapelketa jokatu dute bertan eguenetik gaur arte. Lehen fasea gainditu eta final laurdenetan kanporatu zituzten, baina Lezetarentzat garrantzitsuena bertan bizi izandako esperientzia polita izan da.

Eguenean hasi zuten Guadarraman (Madril) erkidegoetako selekzioen arteko 12 urtez azpiko futbol txapelketa. Parte hartzaileen artean, UDAko jokalaria den Maren Lezeta aritu da, Euskal Selekzioarekin.

Lehendabizi taldekako fasea jokatu zuten, eta euskaldunak D taldean zeuden, Balear Uharteekin, Gaztela-Mantxarekin eta Galiziarekin batera. Bada, lehen partiduan 1-0 galdu zuten balearren aurka, baina gainontzeko bietan aldiz, nagusi izan ziren. 1-0 gailendu ziren galiziarren aurka, eta gaztelarrak aise menderatu zituzten, 4-0 emaitzarekin. Hala, final laurdenetara sailkatzea lortu zuten, eta fase horretan Asturiaseko selekzioa zeukaten zain. Hauen kontra 2-1 galdu zuten, baina, Maren Lezetaren esanetan, "ondo jokatuta".

Dena den, emaitzak baino garrantzitsuagoa esperientzia bera izan da. Lehenengoz egin du aretxabaletarrak horrelako bidaia bat Euskal Selekzioarekin, eta oso pozik itzuli da: "Lagun on berri asko egin ditut, eta esperientzia oso polita izan da. Ez dut inoiz ahaztuko".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak