Aitor Gametxo (Zinegilea): "Ez dakidan gaiei buruz egiten ditut nik filmak"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mar. 31a, 08:00

Aitor Gametxo zinegilea eta aurtengo Huhezinema jaialdiko epaimahaikidea.

Gaur, egubakoitza, amaituko da MUko Huhezi fakultateak antolatzen duen Huhezinema euskal film laburren jaialdia. Sari banaketa egingo dute, gaur, Arkupe kultur etxean, 20:00etan; luntxa eta Mery Mayren kontzertua izango dira gero.

Filmak eskaintzeaz gainera, askotarikoak egin dituzte jaialdiaren hamargarren edizio horretan; horien artean, iazko Goiena saria irabazi zuen Aitor Gametxorekin (Lekeitio, 1989) amaitu barik duen Ilunabarra filmaren gaineko solasaldia. 

Bukatu barik baduzu ere, orain artekoak erakutsi zenituen atzo.  
Garrantzitsua iruditzen zait lan-prozesua azaltzea eta ikusleen feedbacka jasotzea. Horrek eragina izango du film laburraren emaitzan. Itxitako gidoi bat baino gehiago, prozesua bera grabatzea gustatzen zait, bidean agertzen direnei tokia eginez. Hori da dudan lan egiteko modua, asko gozatzen dut. Gustatzen zait esatea ez dakidan gaiei buruz egiten ditudala filmak.  

Nondik dator Ilunabarra?  
Martxoan estreinatu dudan Cicha Symfonia film luzearen jarraipena da. Iaz udan Polonian eta  hango gor komunitatearekin grabatu nuen, irudiekin bakarrik, soinu barik. Aurrerapauso bat emateko asmoarekin planteatu nuen ea posible izango zen itsuekin eta soinu banda hutsarekin zerbait kontatzea, eta gero, bi alderdi horiek batuta zer gertatuko litzatekeen ikustea. Ilunabarra, beraz, metafora bat da; argiak eta iluntasunak bat egiten duten momentua.

Zer kontatzen duzu, bada?
Sormenezko dokumentala da, esperimentala; ikustearen eta entzutearen esperientziari garrantzia emanez, nola kontatzen den ere garrantzitsua da. Hiriaren, hizkuntzaren eta komunikazioaren artean triangelu bat sortzea da asmoa. Horren barruan planteatzen dut zelan esperimentatzen duen gor eta itsu batek hiri bat, eta ze erlazio sortzen diren irudiaren eta soinuaren artean.

Zabalik dago, baina, oraindik gidoia.
Bai, hala da; iazko sariarekin, hainbat irudi eta elkarrizketa grabatu nituen, eta, hortik abiatuta, gehiago grabatzen jarraituko dut. Oso eskertuta nago Goiena sariak materiala alokatzeko emandako aukerarekin. Lana bukatzeko data zehatzik ez dut; beraz, elkarrizketak egiten jarraituko dut.

Huhezinema moduko lehiaketak, bada, garrantzitsuak dira.
Duda barik, eta bereziki goraipatzekoa iruditzen zait ikasleek sustatu eta antolatutako zinemaldia dela.  Ikasten ari zarenean eskertzekoa da horrelako aukerak izatea. Eta nola ez, sortzaileontzat ere tranpolin bat da.

Hesiaren bestaldean izan zara aurten, epaimahaikide. Zer moduz moldatu zara? Esperientzia oso interesgarria izan da; lehenengo aldiz izan naiz alde horretan. Polita izan da lan ezberdinak ikusi eta epaimahaikide bakoitzak nola aztertu dituen partekatzea, eta  adostasun batera heltzea, gero. Ariane Kamio Gara-ko kazetariak, Paulo Urkijo zinegileak eta hirurok osatu dugu epaimahaia.

Zelako lanak ikusi dituzue?
Oso lan interesgarriak daude; ezin, baina, irabazleen izenak aipatu gaurko sari-banaketaren aurretik. Pertsonalki, asko gustatu zaizkit Goiena sarirako dauden lau hautagaiak: animaziozko bi lan daude, genero horretakoek izaten duten eskulan kutsuarekin; badago irudi aldetik oso ondo landuta dagoen fikziozko bat lan eder bat ere; eta laugarrena, teknikoki ez da oso pieza borobila, baina freskotasun handia du eta oso barregarria eta ariketa librea iruditu zitzaidan.

Eskarmentua duzu zinemagintzan zelako lanak egin dituzu?
Arlo esperimentaletik jotzen dute; film laburrak dira gehienak, baina badut Ultzamako bailaran grabatu nuen luze bat ere. Horrez gainera, Tabakaleran zinema esperimentalari buruzko tailerrak ematen ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak