Menpekotasun egoeran dauden pertsonen arreta zikloa egin du Chaima Aarazak eta Erizaintzako zaintza osagarriak Jone Gutierrezek, eta argi zuten atzerrira joan gura zutela: "Lan egiteko beste modu batzuk ezagutu, hizkuntza berriak ikasi eta mundua deskubritzeko". Gutierrez birritan joan ahal izan da atzerrira praktikak egitera, eta hirugarrenez ere joango litzatekeela gaineratu du.
Biak bat etorri dira egoitzetan lan egiteko modua hemengoaren oso ezberdina dela esatean, eta "talka kultural handia" atzeman dute, batez ere, pazienteak zaintzeko moduari dagokionez. Hizkuntzaren kasuan, jasotako laguntza azpimarratu dute bi ikasleek. Aaraza hilabetez egon zen frantsesa ikasten eta Gutierrez ezer jakin barik joan zen; nahiz eta hasieran apur bat kostatu, familia eta lankideen laguntzari esker ondo moldatu zirela azaldu dute biek.
Elkartrukeak eta akordioak
ALEko irakasleek argi dute kanpoan ikasi edo praktikak egiteak izugarri aberasten duela edozeinen ibilbidea. Horregatik, "esfortzu handia" egiten dute atzerriko institutuekin akordioak egin eta elkartrukeak egiteko.
Aitor Valerok, Aretxabaleta Lanbide Eskolako irakasleak eta Erasmus koordinatzaileak zera adierazi du: "Atzerrira joan, pertsona berriak ezagutu eta kulturak partekatu hezkuntzaren elementu ezinbestekoa izan behar da, eta horregatik saiatzen gara ikasleak bidaltzen zein kanpokoak eskolan integratzen. Azpimarratu gainera, ikasleei egiten zaien jarraipena eta eskaintzen zaien babesa; autonomia eta erantzukizuna jorratzeko beharrezko askatasuna eman nahi zaie ikasleei, baina, ulertuta laguntza behar dutela eta, hori dela eta, bidaian berarekin joaten da, lekuan egokitu arte".