Euskara helburu egunero lanean

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 10a, 08:39
Loramendik antolatutako talo tailerreko kideak, iaz.

Euskara sustatzea Aretxabaletan helburu nagusia izanik dihardu lanean Loramendi elkarteak 25 urtetik gora. Hainbat eratako bederatzi proiektu ditu abian gaur egun eta gogotsu dabiltza lanean. Gero eta herritar gehiago elkartzea du orain erronken artean.

Herrian euskara sustatzea helburu nagusi duen Loramendi elkartea osasuntsu dago. Atzo, eguena, horren gainean jarduteko elkartu ziren elkartearen bueltan diharduten hainbat lagun; besteak beste, zuzendaritzako kideak, langileak eta kolaboratzaileak.

521 bazkide

Zortzi lagunek osatzen duen zuzendaritza taldeak gidatzen du Loramendi gaur egun. Horrekin batera, bederatzi lagunek era bateko edo besteko lanak egiten dituzte –begiraleak, diruzaina, teknikaria…– eta hain zuzen ere bederatzi dira elkarteak garatzen dituen proiektuak hiru batzordetan banatuta: aisialdiko proiektuen batzordea, kultura batzordea eta toponimia batzordea. "Horiekin batera borondatez lan egiten dutenak daude, eta urtean zehar 60 bat lagunek euren aletxoa jartzen dute jarduera batean edo bestean", diote Loramendiko kideek. Diruz laguntzen duten bazkideak ostera, 521 dira, eta elkarteak antolatutako ekintzetara gerturatzen direnak 1.200 inguru.

Beinketik Loramendira

Beinke kultur elkartea izan zen Loramendiren aitzindari, 1986an hainbat herritarrek sortua. Kulturaren bidea hartu zuen horrek baina laster sortu ziren hainbat azpitalde, besteak beste, sentsibilizazio taldea, haurren taldea –gerora Ortzadar aisialdi taldea izango zena–, euskaldun berrien taldea eta Tril emakume taldea.

Herriko Loramendi ikastola publiko izatera pasatu zen 1993an eta haren ondasunak euskararen normalizazioaren alde lanean zihardutenei uztea erabaki zuten. Orduan hain zuzen bat egin zuten Loramendi ikastolak eta Beinke kultur elkarteak eta sortu zen Loramendi euskara elkartea.

Herritarrek ateak zabalik

Loramendiren erronketako bat da herritarrak elkartearen inguruko ekintzetara gerturatzea. Honela dio Iñigo Iñurrategi presidenteak: "Euskara bultzatu eta indartu herritarrok egiten dugu, erabiliaz, euskaraz eginez, eta, beraz, edo lortzen dugu herritarrekin bat egitea edo alperreko lanean ariko gara". Eta gaineratu du: "Jendeak jakin behar du elkarteko ateak irekita dauzkatela, edozein proiektutan ekarpenak egiteko, ideiak emateko, ekimenak proposatzeko... Zenbat eta ekarpen gehiago jaso, orduan eta aberatsagoa izango da elkartearen lana".

Bederatzi proiektu

Bederatzi proiektu dituzte abian hiru ataletan banatuta: aisialdia –Ludoteka, Udalekuak eta Gazte zoro–; jarduera orokorrak –Toponimia, Kultura eta Iristu gazte taldea–; eta euskararen erabilera –Hizkuntza errefortzuak, Barriketan eta Auzoko–.

Ludoteka
3 eta 12 urte arteko umeei zuzendutako jolaserako eta harremanetarako zerbitzua da eta Loramendik kudeatzen du azken urteotan. Aste barruan egunero elkartzen dira Gernika plazako egoitzan eta jarduera bereziak eta irteerak ere egiten dituzte.

Udalekuak
Opor garaiko aisialdirako zerbitzua da, jolasaren esparruan ere euskararen presentzia bermatzeko. Eta horrekin batera beste lerro batzuk lantzen dira: inklusioa eta aniztasuna, premia bereziak, kulturartekotasuna eta hezkidetza.

Gazte zoro
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako umeei zuzendutako aisialdi zerbitzua da, adin horretan dagoen hutsunea betetzeko. Egubakoitzetan eta domekatan elkartzen dira udaletxe zaharrean euskararen erabilera sustatuz.

Toponimia
Bazkide talde batek osatzen du eta herriko txokoen datu toponimikoak eta historikoak biltzen dituzte, gero liburuxkan jasotzeko; baita txango bat egin ere. Urkuluren historiaren gaineko kontuak jasotzeko asmoa dute orain.

Kultura
Elkarteko bazkideek osatutako batzordearen helburua da euskarazko kultur eskaintza antolatzea (ikastaroak, musika…). Literatura lehiaketak antolatzeaz ere arduratzen da eta herritarren parte-hartzea bultzatzea du helburu.

Iristu gazte taldea
Iazko udan eratutako gazte taldea da. Horren helburua da gazteak euskalgintzara gerturatzea eta euren ekimenez antolatzea ekintzak; horren adibide dira Euskararen Nazioarteko Eguna, San Migel jaietako tonbola…

Hizkuntza errefortzuak
Hizkuntzaren ezagutza eta erabilera indartzera bideratutako proiektua da, euskaraz jarduteko zailtasunak dituzten Lehen Hezkuntzako umeekin egiten dute lan. Saio ludikoak egiten dituzte bi begiraleren laguntzarekin.

Barriketan
Euskaraz ikasten dabiltzan helduei bideratutako proiektua da, praktika oinarri izanda euskara maila hobetzeko. Euskaraz jarduten duten lagunekin astean ordubetez elkartzen dira horiek eta irteerak ere egiten dituzte gero.

Auzoko
Hainbat jatorritako lagunek osatutako taldea da eta helburua da kultura errealitate horiek ezagutu eta elkarbizitza eraikitzea, komunikaziorako tresna euskara izanik. Eraginkorra izateko hori herritarren parte hartzea ezinbestekotzat jo dute.

Erronka berriei heltzeko gertu

Iñigo Iñurrategi (presidentea): "Gogotsu gaude erronka berriei heltzeko"

Loramendiren bueltan lanean zabiltzatenok elkartu zarete egun batez, zertarako?
Loramendiren bueltan lanean ari garenok bilduko gara: zuzendaritzako kideak, proiektuetako langileak eta batzordeetako partaideak. Proiektu asko dira eta elkartekideen arteko harremana eta proiektuen ezagutza indartzea beharrezkoa da: bakoitzaren erronkak, arazoak, indarguneak… Gure artean ideiak elkar trukatu, beharrak adostu eta proiektuen arteko lotura eta elkarlan posibleak aztertuko ditugu.

Zelako osasuna du elkarteak?
Ona, mugimendu handia dago egunero gure elkartean, proiektu guztiak martxan daude eta gauza interesgarriak egiten dira. Gainera, erronka berriei heltzeko garaia ere bada eta gogotsu gaude.

Zeintzuk dira orain erronkak?
Herritarren kontzientzian eragin eta euskara bultzatzeko ekimen berritzaileak sortzea. Horretarako, batetik, Loramendiko ekimenetan bazkideen inplikazioa handitzea eta, bestetik, herriko euskaltzaleekin, norbanako zein elkarteekin, lankidetza sare dinamiko bat osatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak