Elkartean kantuan jardutetik plazara kantatzera egin zuten salto Kantu Poteoko lagunek: "Hilabeteko azken egubakoitzetan egiten den presoen aldeko elkarretaratzeak indartzeko asmoarekin hasi ginen eta hemen jarraitzen dugu", dio Josu Mendieta kideak. Kantuan hasi zen taldeari musikariak batu zitzaizkion eta trikitilariekin eta Lekaixoka bertso eskolako kideekin borobildu izan dituzte ekitaldiak: "Guk kantuan egin, eurek bertso batzuk bota…". Dagoeneko bigarren kantu liburua darabilte eskuartean: "Gazteak ekarri gura ditugu taldera, baina abesti zaharrekin hori zaila dela diot nik. Bigarren liburuan gaur egungo taldeen abestiak ere sartu ditugu". Onartu du gorabeherak izan dituela taldeak eta hiru urtean indarra galdu duela: "Hasieran entsegu asko egiten genituen, baina saltsa askotan gabiltza guztiok eta ez da samurra elkartzea".
Herriko tabernen diru-laguntza jaso ohi dute, eta gero taberna horietara joaten dira kantuan. Eta poteoa ezin bukatu elkartean afaldu gabe: "Batzuetan gehiago eta hurrengoan gutxiago elkartzen gara, baina hogei lagunetik gora gehienetan, behintzat afaltzeko". Poteoan bakarrik ez, aurten zaharren egoitzan ere izan dira lehenengoz: "Hunkigarria izan zen ekitaldia eta sarriago joateko gogotsu agertu ginen guztiok".
Kanpoan kantuan
Iruñean, Sartagudan, Donostian… ere izan dira: "Sartagudakoa egun pasa benetan polita izan zen, pena handiarekin itzuli ginen etxera gauean. Donostian, ostera, diskorik ote genuen saltzeko esan ziguten", dio Mendietak. Han eta hemen lagun asko egin dituzte eta udaberri inguruan Aretxabaletan elkartu gurako lukete horiekin guztiekin: "Topaketa dotorea izango litzateke, gu geu ere indartuko gintuzke horrek. Baina aurretik kontu asko lotu behar dira, hortaz, ikusi egin behar…".