Sarrera 10 euro da aurretik (Aretxabaletan: Haizea, Izotz eta Ezkutu tabernatan eta Raijin Tattoo dendan; Gasteizen: VSD dendan eta Joker eta Hor Dago tabernatan; eta Interneten: entradium.com) eta 13 euro egunean bertan leihatilan. Jasotako diru guztia minbiziaren aurka lan egiten duen HCxHC (Hardcore Hits Cancer) elkartearendako izango da, hardcore eta punkaren bidez minbizia dutenei laguntzen jarduten duen elkartea hain zuzen ere. "Gogorra izan da antolaketa lan guztia, baina Oierrek merezi du", dio Iker Bernal anaiak.
Lau talderen kontzertua
Lau taldek eskainiko dute kontzertua: "Oierren bueltan ibilitakoak dira talde horietako asko, lagunak eta ezagunak", dio haren anaiak. 13 Left to Die talde gasteiztarra, esaterako, Oierrek jardundako taldea da; bateria jotzen zuen han: "Anaia hil zenean banandu egin ziren baina berriz elkartu dira". Hero of the Day taldea, ostera, jaialdirako bakarrik sortu dute Gasteizko lagun batzuek: "Metallica taldearen abesti bat da Hero of the Day eta anaiak oso gustuko zuenez talde hori halaxe jarri diote izena. Bertsioak joko dituzte, sei bat kantu". Governors talde arrasatearra ere joango da: "Omenaldirako gertu agertu dira baina ez dute emango kontzertu handi bat; anaiari keinu bat egin gura diote bakarrik". Eta kontzertua borobilduko du Kataluniatik etorritako Crisix taldeak. "Gazteak dira baina izugarriak. Anaiak Bartzelonan ezagutu zituen bateria jotzera ikastera joan zenean, eta etorri egingo dira". 20:00etatik 00:00etara izango dira kontzertuok, eta ondoren, DJ saioari ekingo diote: "Oierren kuadrillako Asier Galianok eta Eder Soriak jardungo dute, baita nire kuadrillako Txutxik ere". Musikaren bueltan eta lagun giroan jaialdi dotorea egin gura dute datorren astean Oier Bernal adiskidea gogoan dutela guztiek.
Musikazale amorratua
2015ko urriaren 20an hil zen Oier Bernal, 29 urterekin, minbiziak jota. "Makarra handi bat zen", dio anaiak. "Musika zen haren bizitza eta metal doinuak izugarri gustatzen zitzaizkion. Musika, musika eta musika, eta argazkilaritza, horrek batzen du Oier".
Akordeoia jotzen hasi zen mutikotan herrian, baina laster pasatu zen bateriara. Bartzelonara joan zen hori hobeto ikastera eta Alfred Berengenarekin jardun zuen han, SA taldeko kidearekin. Gasteizko 13 Left to Die taldean bateria-jolea izan zen: "Gaixo zegoela eta tratamendua hartzen taldearekin jo nahi izan zuen Azkena Rock jaialdian; abesti bat jo zuen". Metalcry aldizkarian kolaboratzaile izan zen, argazkiak ateratzen zituen eta kronikak idatzi.
"Gogoan dut Governorsek kontzertua zuela Eskoriatzan egubakoitz baten, eta ordurako oso makal egon arren derrigor joan gura zuen. Gurpildun aulki bat lortu nuen eramateko, baina eguaztenean hil zen".