Oihana Aldai: "Gora egin behar dugu, Gabonetatik bueltan"

Xabier Urzelai 2016ko abe. 23a, 07:15

Oihana Aldaik (Aretxabaleta, 1992) Lehenengo Mailan jokatzen duen Oiartzunen atea defendatzen du. Bi urte daramatza futbolaren gorenean, bide luzea egin du bertara iristeko, eta gozatzen dabil, nahiz eta talde oiartzuarrak ez dituen klub handien baliabideak.

Hilaren 31n Ibarran izango da, Emakumezkoen Gabonetako Futbol Torneoan parte hartzen, Debagoieneko selekzioarekin eta Realarekin batera.

Zein da Oiartzunera iristeko jarraitu duzun bidea? 

Aretxabaletan, gazte gaztetan multikirola amaitu eta Kurtzebarrin hasi nintzen futbolean, eta Arizmendira joan nintzen gero. Hiru urte egin nituen han, eta Batxilergoa hastearekin batera Arrasatera joan nintzen, Mondran jokatzera. Ondoren Eibarrek fitxatu ninduen, eta urte eta erdi egin nuen han, ostera ere Mondrara itzultzeko. Mondrarekin mailaz igo ginen, bigarren mailara, baina ikasketak tarteko Donostiara etorri nintzen, eta Añorgaren eskaintza jaso nuen. Aukera polita zen Añorgan jokatzea, beti izan dutelako talde indartsua, eta iaz maila gorenera igo berria zen Oiartzunek fitxatu ninduen.  

Iaz mailari eutsi zion Oiartzunek, aurten larriago zabiltzate. 

Bai, iaz azken minutuetan egindako golei esker puntu mordoa batu genituen, eta horri esker eutsi genion kategoriari. Aurten hori falta zaigu, zorte apur bat.

Zelako liga da? 

Badade talde oso indartsuak, Atletico de Madrid, Bartzelona, Valentzia... Eta, emakumezkoen futbolak geroago eta interes handiagoa pizten duenez babesleak sartu dira, tartean Iberdrola; horri esker taldeak ondo indartu dira. Guk ere talde txukuna dugu, sailkapenean azken postuan gaude, baina ez dut uste taldearen benetako mailaren adierazgarri denik. Partidu asko gol bateko aldeagatik galdu ditugu, detaile txikiengatik, eta Gabonetatik itzultzerakoan horri eman behar diogu buelta.  

Klub handi horiek profesionalismoaren aldeko apustua egin dute, baita Realak ere.  Zein da Oiartzunen egoera? 

Kontutan izan behar da Oiartzun herri bateko kluba dela, ezin da besteekin alderatu. Oiartzunen zaleen babes handia dugu, futbol zelaia bete egiten da gure partiduetan, eta klubaren partetik ere babes osoa dugu. Baina, garbi dago ez ditugula talde handi horiek dituzten baliabideak.  

Ahalegina, baina, berbera da. Aste barruko entrenamenduak, asteburuetako bidaia luzeak... 

Bai, autobusean bidaia luzeak egiten ditugu. Tenerifera hegazkinez joango gara, ez dagoelako beste modurik [Barre], baina Albacetera, Huelvara, Sevillara... Ordu askotako bidaiak dira, eta nekagarria da. Hala ere, taldean oso giro ona dugu, eta oso gustura nabil. 

Eta aste barruan, lanera...

Bai. Erizain ikasketak amaitu ditut aurten, eta lanean nabil. Zorionez lana eta futbola batera ditzaket, eta lana tokatzen zaidan asteburuan lankideek txandak aldatzen dizkidate. Hori bai, ordu askotako bidai baten ostean goizean goiz lanera joatea... Gogorra egiten da, bai. Baina, ni nabil horrela, eta baita gainontzeko taldekideak ere. Batzuk lanean dabiltza, eta beste batzuk ikasten. 

Gabonetako oporraldian zaudete, nahiz eta abenduaren 31n Ibarran izango zareten jokatzen.

Ilusio handia egiten dit etxean jokatzeak, urtetan jokatu dudalako Gabonetako torneo horretan, eta oraingoan Oiartzunekin jokatuko dut. Oporraldi hauetan, normalean, hainbat lagunarteko jokatzen ditugu entrenamendu modura, eta Athleticen ordez gu etortzea oso pozgarria da niretako. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak