Igor San Juan: "Diskoko sehaska kanta benetan gustuko dut"

Mirari Altube Arrese 2016ko abe. 10a, 09:00
Igor San Juan, Durangoko Azokan.

Lehenengo diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak-ekin Igor San Juan (1970) kantari eta gitarra-joleak: Izarrik gabeko zerua; estilo asko batu dituen lana da Aramaion bizi den aretxabaletarrarena.

Zeure diskoarekin Durangon, sekula halakorik pentsatuta zenuen?
Bai, zera! Handia da gero stand batean neure diskoarekin egotea. Orain arte lagun artean gitarra jo eta etxean lan egin izan duenarendako izugarria da. Halakorik ez dut uste beste inoiz gertatuko zaidanik.

Oraindik inork gutxi ezagutzen zaitu, Debagoieneko zenbaitek bakarrik, seguru asko. Baina gustura diskoak izan duen harrerarekin?
Bai, neure etxean eta beste lauk ezagutzen naute, hori hala da. Baina bai, oso pozik nago.

Lan handia dago diskoaren atzean…
Bai, bai, luzea izan da prozesu guztia. Gogotsu jardun dugu baina kosta egin zaigu bukatzea; izan ere, diskoa grabatu duen teknikaria, Juanan Ros, kontu askotan ibiltzen da eta ezin izan dugu hasi eta bukatu egin. Hala ere, oso giro ona izan dugu grabazio guztian.

Taldetxo batek lagundu dizu, ezta?
Bai, jazz hirukote batek. Musikenen ikasitako musikariak dira hirurak, bertutetsu batzuk. Gipuzkoan ingeniari asko ditugula diot nik, baina musikariak ere bai orain, eta izugarriak gainera. Lehen talentudunak zeuden, orain, baina, ikasitako musikariak eta zelakoak, gainera. Teknikaria irakaslea da eta haren bitartez ezagutu ditut. Salamancako kontrabaxu-jotzaileak, Sevillako bateria-joleak eta Gasteizko piano-joleak egin didate lagun; azken hori, ikaragarria da, bigarren jazz diskoa kaleratuko du laster. Eta pentsa, jazz hirukote horren gainean sartu ditugu nire ahotsa eta gitarra…

Izarrik gabeko zerua da diskoa. Ez du izarrik zure pareko zeruak, ala?
Nahiko esistentzialista geratu da, ezta? Baina badu bere zentzua… Joseba Sarrionaindiaren Lagun izoztua liburuan agertzen den esaldia da; handik hartu dut. Portada, ostera, Iñaki San Migel marrazkilari eta diseinatzaile aretxabaletarrak egin dit. Libre utzi nion eta ideiari jarraitu dio hark ere.

Jazza, bosa noba, swinga, balada bat dago, sehaska kanta bat ere baduzu… Nahaste handia, ezta?
Bai, hala da. Nire gustukoena sehaska kanta hori da; kontrabaxua, bukaeran piano doinuak… Musikazale moduan oso gustuko dut. Mikel Azkarate saxofoi-jotzaile bergararraren laguntza izan dut beste abesti batean, eta dotoreak dira haren doinuak ere. Gustuko dut denetik jotzea eta halakoa da diskoa ere.

Doinuak eta letrak, biak zeureak?
Letra guztiak ez. Jon Benitoren Bulkada liburuko poema bat esaterako, oso gustuko dut, Barneko hitza baina nik letra moldatu egin diot eta Isiltzen dudana jarri diot. Beste baten letra da Gerardo Markuleta oñatiarraren Batak ez du bestea kentzen eta Jon Sarasua aretxabaletarrarena ere badut beste bat.
Aspalditik zabiltza musikagintzan eta orain diskoa etorri da. Ametsa egi bihurtu da?
Zerbait grabatu gura nuen eta hazten eta hazten joan da kontua. Baina bai, ametsa izan da eskuetan diskoa izatea. Izan ere, nik hasi egiten ditut proiektuak baina bukatu sekula ez, eta kasu honetan emaitza eskuartean dut.

Olentzerori eskatzeko opari polita…
Bai, horixe. Maketa bat atera nuen garai baten eta han jarri nuen umeen eta 60 urtetik gorakoen artean nintzela espezialista, ja, ja, ja… Orain ez dakit non egongo naizen… Edozeinek entzuteko moduko diskoa dela uste dut.

Eta kontzertuak noizko?
Oso lanpetuta nabil, ikasten hasi naizelako, eta ez dakit. Gainera, taldearekin batera elkartu beharko naiz eta ez da erraza izango hori, baina badugu gogoa. Aretxabaletan eta Aramaion gustura joko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak