Hildakoen senideek aurrera egiteko zerbitzua

Mirari Altube Arrese 2016ko abe. 9a, 13:45
Iñigo Olabe eta Maite Ortiz de Zarate.

Abenduaren 8an egin izan du batzar orokorra San Martin-San Jose kofradiak urte askoan, aurten baina atzeratu egin dute otsailera. Jaurlaritzak egindako eskaeretako bat izan da hori, urte naturala bukatu eta diru-kontuak itxi ostean egitea batzarra; beste hainbat eskaera betetzeko ere eguneratu egin behar izan du elkarteak.

3.950 bazkide inguru ditu gaur egun 1855ean sortutako kofradiak. Hildakoei azken agurra era duinean emateko sortua izan zen: "Baina elizarekin ez du inolako zerikusirik, izena bakarrik", dio Iñigo Olabe diruzainak. Auzolana egiten zuen elkartea izan arren sasoi baten, orain borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat da (BGAE edo EPSV) eta horiendako zehaztutako araudia bete beharra du. "Lan handia tokatu zaigu: estatutuak eguneratu, txosten aktuarioa egin… Eta inbertsio batzuk egin beharra ere bai: informatikako ekipoak, kontuak eramateko laguntza enpresa bat hartu…", dio Olabek. Deustuko unibertsitateko Amancio Beltzuen adituak egin die txosten aktuario hori: "Gure taldea aztertu zuen: zenbat alta, baja, hildakoak, balantze ekonomikoa… Eta ondorioa izan da diru gehiago izan behar dugula gordeta". Horren ondorioz kuoten igoera etorri da aurten; hain zuzen maiatzean egindako ezohiko osoko bilkuran jakinarazi zieten bazkideei: "Gure erreserba 300.000 eurokoa da eta eskatzen digute 600.000 euro izatea. Horregatik, kuotak igotzera derrigortuta gaude hurrengo lau urteotan. Izan ere, hildako bakoitzaren zerbitzuak 1.900 euro balio du".

Bazkide bila

Bazkide kopurua gehitzea ere gura dute; aurten 50 bazkidetik gora hil dira-eta: "Titularrarekin izena emanda seme-alabak egoten dira. Horiek etxetik alde egiten dutenean komeni da eurak sartzea bazkide eta jarraipena ematea", dio Olabek, eta gaineratu du Maite Ortiz de Zarate presidenteak: "Gure gurasoendako ezinbestekoa zen kofradian izena emanda egotea: "ehorzketa behintzat ordainduta izateko".  Baina orain ez diote halako garrantzirik ematen, ez direlako herrian bizi… Kanpoan bizi arren laguntza berdin-berdin ematen zaio familiari".

Bitartekari lanak

Zortzi lagunek osatzen dute zuzendaritza; hona: Maite Ortiz de Zarate (presidentea), Josu Urkia, Mirari Aiastui, Mila Oskoz, Iñigo Olabe (diruzaina), Joseba Gonzalez de Martin (idazkaria), Martxi Perez eta Txarli Gomez; azken lau horiek elkartea utziko dute otsailean. Bitartekari lanak egiten dituzte horiek eta gertutasuna eskaintzen dute: "Une zailak izaten dira eta askotan galduta egoten dira senideak. Halakoetan laguntzeko eta zalantzak argitzeko gu gaude, gutako edozeini deitzea nahikoa da", dio presidenteak. Zerbitzuak, ostera, Arrasateko ehorztetxearekin dituzte hitzartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak