Aretxabaletako Nazioarteko Kriteriuma 1966tik 1991ra jokatu zen urtetik urtera eta munduko txirrindulari handienek irabazi zuten lasterketa. Protagonisten eta txirrindulari ohien adierazpen eta irudi zaharrekin sortutako dokumentala ostiralean estreinatuko da Aretxabaletako Arkupe Kultur etxean, arratsaldeko zazpiak eta erdietan.
Aretxabaletako Nazioarteko Ziklokrosak sekulako oihartzuna izan zuen 60ko hamarkadaren amaieratik 1991ra arte Europa osoan. Munduko txirrindulari onenak etortzen ziren Aretxabaletako lasterketara eta TVEk zuzen-zuzenean eskaintzen zuen. Urrezko urteak izan ziren UDA taldearen txirrindularitza sailarentzat, eta aurten, klubaren 70.urteurrenean, kirol elkarteko txirrindularitza sailak urte dotore haiek gogora ekartzeko dokumental historikoa egitea erabaki du. Dokumentala dago osatuta argazki, irudi zahar eta protagonisten adierazpenekin.
Gorka Etxabe eta Gorka Montiel izan dira dokumentalaren egileak: “TVEk 1970ean eginiko emanaldiaren irudiak lortu ditugu Youtube sareari esker, Arrasate Telebistak 80ko hamarkada amaieran grabatutakoak ere eskuratu ditugu, eta argazki zein beste era bateko dokumentu grafiko asko digitalizatu ditugu. Era berean, Abel Saez atxabaltarrak grabatutako irudiak ere eskuratu ditugu”. Gainera, herritar askok kolaboratu du dokumentazioan: Joserra Intxauspe, Abel Saez, Aitor Antxia, Txusti, Manolo Zubillaga, Otxoa...
Dokumental formatu klasikoa
Dokumentalaren haria adierazpenak dira, ziklokrosaren sustatzaileen adierazpenak. Gainera, bi txirrindulari handiren adierazpenak ere grabatu dira: Jose Maria Basualdo arabarrak Aretxabaletan Espainiako Kopako lasterketa irabazi zuen eta Iñaki Maiora ormaiztegiarrak ere irabazi zuen Aretxabaletan, Nazioarteko Kriteriuma irabazteko gai izan zen euskal txirrindulari bakarra bilakatuz.
Aitzindarien lekukotza
UDA taldeko txirrindularitza saileko pertsonak aitzindariak izan ziren. Eloy Uriarte, Manolo Zubillaga eta haien kolaboratzaileek sekulako lana egin zuten lasterketaren antolakuntzan eta erreferente bilakatu zuten bai Estatuan eta baita Europan ere. Dokumentalean jasotzen den moduan, arrakastaren arrazoiak asko izan ziren. Gorka Etxabek adierazi duenez, “Azpimarratuko nituzke bereziki honako ezaugarriak: lan egiteko modua, antolakuntza gestionatzeko abilezia, TVEn egindako gestioak, Europako Federazio ezberdinekin izandako harremanak... txirrindularitza modalitate hori masa espektakulua izan zitekeela ulertu zuten eta tentuz eginiko lanak emaitza bikainak izan zituen”.
Telebistaren garrantzia
TVEk zuzeneko emanaldi asko egin zituen. 1966ko Espainiako txapelketaren gaineko laburpen ederra egin zuten, FAGOR etxeak babestuta. Ordutik ia edizio guztietan zuzeneko emanaldia edo erreportaje zabala eskaini zion TVEk Aretxabaletako hitzorduari. Manolo Zubillagak dokumentalean aipatzen duen moduan, Prado del Rey-ko TVEko eraikinean oso ezaguna zen eta bere etxean moduan mugitzen zen. Horrek, zalantzarik gabe, sekulako ikusgarritasuna eman zion lasterketari. Gainera, UNIPUBLIC famatua ere Aretxabaletako lasterketarekin sortu zela aipatu daiteke, lehenengo lasterketaren publizitatearen gestioa Aretxabaletan egin baitzuten eta gaur egun, oraindik, euren katalogoetan hala azaltzen da.