Oroimenaren Egunarekin bat egin dute Aretxabaletan ere

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 11a, 08:54

Biktimei elkartasuna, hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa adierazteko deitutako Oroimenaren Egunarekin bat egin zuten atzo, azaroak 10, Udal ordezkariek eta hainbat herritarrek. EAJ, EH Bildu eta Irabaziko ordezkariak elkartu ziren Iturrizar plazan, baina EH Bilduko kideek "irakurketa propioa" egin gura izan zuten.

Foru Aldundiak bidalitako adierazpenarekin bat egin zuen Aretxabaletako Udalak. Hona hemen:

"Oroipen-egun honetan, euskal erakundeon asmoa da herritar guztiak gonbidatzea etorkizun baketsu bat eraiki dezagun, non iraganean gizarte osoak jasan zituen ondorio lazgarriak ez ditugun ahaztuko, bereziki biktimek jasan zituztenak. Beharrezkoa delako aitortzea beraien mina eta pairamena ez zirela bidezkoak izan. Biktimei elkartasuna zor diegu, baita hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa ere.

Era berean, Memoriarekiko hitzordu honek elkarrizketa plurala sustatu nahi du, eta baita ere sekula errepikatu beharko ez den iraganari buruzko gogoeta kritikoa, hartara, gure herriaren gaurko eta etorkizunerako bizikidetza denon artean eraikitzeko borondatearekin.

Bizikidetza hori oinarrituko da ideologia anitzen errespetuan, printzipio demokratikoetan eta giza eskubideen defentsan.

Horregatik guztiagatik honakoa adierazten dugu:

  •  “Inoiz ez” direla ez gertatu ez justifikatu beharko gure arteko indarkeria- eta terrorismo-agerbideak
  • Giza eskubideak hautsi ditzakeen edozein mehatxuri sendo egingo diogula aurre
  • Gure borondatea, Euskadiren orainerako eta etorkizunerako, bide baketsu eta demokratikoetan sakontzean datzala, horixe baita formula bakarra elkarbizitza libre eta baketsua eraikitzeko".

EH Bilduren irakurketa

Aretxabaletako EH Bilduko kideak ere izan ziren elkarretaratzean baina "irakurketa propioa" egin zuten. Hona hemen:

"Azaroak 10 aukeratzeko arrazoia, ETAren jardun gabeko urteko egun bakarra izatea omen da: hirurogeigarren hamarkadatik hona horrela izan dela dirudi, ikuspegi murritza badugu eta bakarrik hildakoak kontuan hartzen baditugu.

EH Bilduk memoria inklusiboaren norabidean lan egiteko bere determinazioa agerian utzi du, inor eta ezer albo batera utzi gabe, inolako biktimarik baztertu edo sailkatu gabe eta giza eskubideen aurkako inolako urraketarik ahaztu gabe. Memoria bateratu, poliedriko eta orotariko memorien bizikidetzan sinesten dugu.

Sufrimenduak, eta ondorioz biktimak, aitortza eta erreparazioa eduki dezaten gertuko lana, errespetuzkoa eta serioa bultzatzea denon ardura da. Tentu handiz jokatu behar dugu erabilpen partidista edo interesaturik egon ez dadin, benetako erreparazioa egon dadin eta inoiz ez errepikatzeko segurtasuna eduki dezagun.

Baina giza eskubideen urraketa ez da hasi orain dela 50 urte, ezta orain dela 5 urte amaitu. Gaur egun bizirik gaudenok, horretaz gain, memoria eta bizipen gehiago ditugu, denok. Zergatik aukeratu orduan azaroak 10? Data hau zalantzan jartzen dugu.

Ez ote da inoiz inor torturatua izan data horretan?

Ez ote da 2016ko azaroaren 10ean inor arriskuan jarriko bere senideak ikusteko milaka kilometro egin behar dituenean?

Ez ote du, azaroak 10 batean, estatu espainolak berak sortutako biktimak irainduko?

Eta are latzagoa memoriari dagokionez. Bizirik dugun memorian oraindik, besteak beste, Jose Urrutia Anduaga gogoratzeko ahalmena dugu. Gaur moduko egun batean, 1944ko azaroaren 10ean, 26 urteko aretxabaletarra Iruñeko San Cristobalgo kartzela frankistan hil zen. Beretako eta bere familiarentzako ere memoria, aitortza eta erreparazioa nahiko genuke gaur moduko egun batean.

Egun hau, egiaren garrantzia agerian uzteko baliatu nahi dugu, giza eskubideen urraketa larrien inguruko egia osoa jakiteko. Ez dagoelako oraindik mahai gainean behar adinako argitasuna eta zehaztasunarekin. Ezagutzea ezinbestekoa da aitortu ahal izateko.

Egun hau, biktima orok merezi duen justizia eskatzeko ere izatea nahi dugu, bai justizia administrazioak emana baita instituzio publikoek zor dieten erreparazioa bideratzeko ere. Aitortzak ezer gutxitarako balio du, erreparazioaren norabidean urratsik ematen ez bada.

Azkenik, iraganean izan diren tragediak berriz errepikatu ez daitezen hartu beharreko neurriak inplementatzeko beharra aldarrikatzen dugu. Egia, justizia eta erreparazioa nahi ditugu, ez iraganean trabatuta geratzeko, baizik eta etorkizun hobe batetara bideratu eta proiektatu ahal izateko. Oraindik gaur egunean indarrean dagoen giza eskubideen urraketa oro konpondu nahi dugu, hauek ere iraganeko kontua izan daitezen. Giza eskubideen urraketa oro aitortu eta erreparatu nahi dugu, urraketarik gabeko etorkizuna eraiki ahal izateko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak