Berdintasun Saila "geldi" dagoela salatu dute EH Bilduk eta Irabazik

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 10a, 14:38

Bi alderdietako Udal ordezkariek herritarrei adierazi gura izan die apiriletik ez dagoela Berdintasun teknikaririk udaletxean, sail horren "aurrekontuak eta gastuek behera" egin dutela eta "diru-laguntza bi galdu" direla Udal gobernuaren "utzikeriagatik".

Aretxabaletako EH Bilduk eta Irabazik bat egin dute berdintasunaren bidean, uste dutelako oraindik lan handia dagoela egiteko parekidetasunaren alde. "Herri mugimendutik lan izugarria egin da, eta beharrezkoa da administrazio guztien lana, Udalarena, esaterako", dio Larraitz Arandok, EH Bilduko kideak. Udal gobernuak, baina, "urte eta erdi galdu" duela berdintasunaren aldeko ibilbidean uste dute: "Ez da ezer egin eta proposamen asko egon arren mahai gainean ez da konpromiso politikorik egon", argitu du Irati Pagoagak, EH Bilduko zinegotziak. Horren adibide aipatu ditu Berdintasun Saileko "aurrekontuak behera" egin izana iaztik hona, 6.300 euro, hain zuzen, eta "gastuak ere behera" egin izana 31.400 euro. Gainera, "diru-laguntza bi galdu" direla aurten adierazi du, bata Emakundek emandakoa, 7.557 euro, eta bestea Diputazioarena, 4.500 euro. Esandakoari gaineratu behar zaio Berdintasun teknikariak postua utzi izana aurten: "Langile horrek apirilean utzi zuen postua eta ez da beste inor hartu ordezkatzeko. Horrek esan gura du geldi egotetik ia desagertzera pasatu dela sail hori".

Saila hartzeko gertu EH Bildu

Egoera hori onartzeko prest ez, eta EH Bilduk, Irabaziren oniritziarekin, proposamen bat aurkeztu zion ekainean, Udal gobernuari: EH Bilduk hartzea sail horren ardura gobernuan egon ez arren. Eta eskaintza horrekin bi konpromiso hartzeko gertu agertu zirela adierazi du Jon Albizu zinegotziak: Berdintasun Saila aktibatzea eta berdintasuna ez erabiltzea talka politikorako. Udal gobernuari ere eskatu zizkioten hainbat konpromiso, besteak beste, teknikari bat kontratatzea berriro, eta partida egonkor bat zehaztea, 70.000 euro ingurukoa.

Lan ildo batzuk ere zehaztu zituzten Berdintasun Sailerako proposamen horretan Albizuren esanetan, besteak beste, jabekuntza pertsonala eta kolektiboa indartzea eta emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzea. Gainera, Berdintasun Gune bat martxan jarri beharra zehaztu zuten: "Helburua izango litzateke parekidetasuna sustatzea Aretxabaletan. Eta horretarako zehaztu genituen edukiak, helburuak, metodologia, baliabideak…".

Batzordera ez agertzeko erabakia

Ekainean aurkeztutako proposamen horren erantzuna urrian iritsi zela adierazi dute, eta desengainu handia hartu zutela: batetik, ez ziotelako "zuzenean erantzun proposamenari", eta bestetik, "akordiorako beste alternatibarik ez" zutelako aurkeztu. Horren ordez "sasi-proposamen" bat egin ziotela argitu dute: "Egun udalean dagoen Berdintasun Plana berraztertzeko asmoz 2017rako plan horren ebaluazioa egitea. Gure galdera da: urte eta erdi pasatu ostean hori da proposamen bakarra?"

Kontuak horrela, EH Bilduko eta Irabaziko kideek erabaki dute Berdintasun batzordera ez agertzea gehiago; hala ere lanerako gertu agertu dira: "Gobernu Batzordeak benetako konpromisoa hartuko balu, martxan jarriko balu Berdintasun Saila, eta ekintzekin ikusiko bagenu lanerako benetako borondatea eta interesa duela, gu ere batzordeetako dinamikara gehituko gara".

Bien bitartean, lanean jarraituko dutela zehaztu dute, baina batzordetik kanpo. Eta gaineratu du: "EAJk, elkarlanean, herritarren alde lan egiteko aukera paregabea galdu du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak