Gastronomia eta folklore ezberdinen nahasketa oparoa

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 16a, 14:29

Errioxa, Valentzia, Gaztela Leon, Extremadura, Galizia eta Euskal Herriko jaki eta edari ugari dastatzeko aukera izan da gaur goizean, Aretxabaletako plazan. Hori gutxi ez, eta leku guzti horietako zuzeneko musika eta dantzak ere izan dira, eta jende ugari hurbildu da 20. Gastronomia eta Folklore festak erakarrita.

Domeka goiz batek behar dituen osagai guztiak batu ditu Aretxabaletako 20. Gastronomia eta Folklore festak. Momentuan prestatutako jaki gozoak, lurralde ezberdinetako produktu eta edariak, eta nola ez, zuzeneko, musika eta dantza ikuskizunak.

Aurtengoa 20. edizioa izan da, herrian guztiz errotuta dagoen jaia denaren erakusle. Bertan Gaztela Leongo, Extremadurako, Errioxako, Galiziako, Valentziako eta Euskal Herriko ordezkariek hartu dute parte, hamahiru postutan banatuta. Urtero legez, ilara handiak izan dira, batez ere Galiziarren postuaren bueltan. Bertako olagarroak jende ugari erakartzen du, eta jaialdiko produktu izarra da jende askorentzat. Baina Extremadurako burruntzi pintxoak ere harrera oso ona eduki du aurten, eta askok bertako finoarekin batera dastatu dute.

Aipatutakoez gain, Errioxako ardoa, Iparraldeko gazta eta eztia, edo Bermeoko kontserbak ere eskaini dituzte besteak beste.

Aldi berean zuzeneko musika eta dantza ikuskizunak ere izan dira. Hala, Errioxako Voces del Ebro jota taldea eta Galiziako gaiteroak gogotsu aritu dira bazkalaurreko giroa epeltzen. Aurten, lehen aldiz, Basotxo abesbatzaren Kalean Kantuz ekimenak bat egin du Gastronomia eta Folklore jaiarekin, eta Deba Ibarreko erretiratuak kantuan aritu dira Aretxabaletako kaleetatik.

22. patxaran lehiaketa

Gastronomia eta Folklore jaia klasikoa bihurtu bada, zer esanik ez patxaran lehiaketarekin. Aurtengoa 22. edizioa izan du, eta bertako ekoizleen lanak egon dira ikusgai. Edariaren kalitateaz gain, honen aurkezpenak ere berebiziko garrantzia du eta hainbat botila dotore ekarri dituzte parte hartzaileek. Azken urteetan 25 ekoizletik gora parte hartu dute, eta aurten bazkal aurretik hamazazpi botila aurkeztu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak