"Herritarren beharrak entzunaz egingo dutela lan" erantzun dio Udal gobernuak EH Bilduri

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 30a, 13:26

Plangintza orokor baten falta eta gardentasun eza salatu zuten besteak beste, EH Bilduko zinegotziek joan zen astean prentsaurreko bidez, eta esandako horiei erantzun gura izan die orain Udal gobernuak.

Hona Udal gobernuaren izenean Unai Elkoro alkateak bidalitako prentsa-oharra osorik:

"Astean, EHBilduk, udal gobernuaren plangintza eta gardentasun falta salatzen emandako prentsaurrekoari erantzunez, ondorengoa adierazi nahi dugu; UDAko zuzendaritza udalera zuzendu zen egungo egoeraren berri eman eta proposamen batekin. Azken urteotan errendimenduko taldeez gain, parte-hartze taldeak ere indartu dira. Politika horrekin erabat ados gaudela adierazi nahi dugu, punta-puntako jokalariak ez direnek ere, jolasteko aukera izatea bideratzen baitu. Erabaki arrakastatsua izanik, arazo larria sortu du espazio aldetik. Talde guztiek entrenatzeko aukera izan dezaten ordutegia luzatu beharra izan da, eta aldi berean entrenamendu denbora moztu.

Arazo horri irtenbidea emateko, eta hurrengo denboraldian talde guztiek jokatu ahal izan dezaten, ezinbestekoa da entrenatzeko beste zelai bat izatea. Proiektu horrek gure babesa izango zuela agindu genion UDAko ordezkaritzari, eta hala mantentzen dugu.

Arizmendirekin ere izan ditugu hartu-emanak, eta aurrerantzean ere izango ditugu. Proiektu bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu, denon beharrak beteko lituzkeen proiektu bat posible balitz aukera paregabea litzateke, baina hori ikusteko dago oraindik.

Edonola ere arazoa hor dago, erabakiak hartu egin behar dira konponbide bat emateko, gure betebeharra erabakiak hartzea da, eta prest gaude horretarako.

Aurrekontuari dagokionez berriz, egia da %20 inguru kirolera bideratzen dela, horietatik 900.000 euro inguru, kirol etxeko zorra ordaintzeko, baina aldi berean esan beharra dago, Ibarra kirol etxeko diru sarrerak aurten 600.000 eurotik gorakoak izango dira.

Gardentasunik ere ez omen dugu. Udaleko erabakiak Tokiko Gobernu Batzordean hartzen dira, bertan alderdi guztiak daude ordezkaturik, beraz, ezin da erabakirik hartu alderdi guztiak jakinean izan gabe. Bide batez, nabarmendu nahiko genuke ez dugula inongo konpromisorik eskatu bertako kide izateko, guk gardentasunean sinisten dugulako horren aldeko apustua egin genuen eta hala egiten jarraituko dugu. Beste kontu bat da, uneoro, gure asmo eta pausuen berri ematen ibili behar izatea. Gure betekizuna da proiektuak landuta aurkeztea; gero proposamenik balego aztertu egiten dira eta adostasunik badago ez dugu inongo arazorik onartzeko.

Hirigintzan ere, plangintza orokor falta leporatu zaigu, Azbeko proiektua adibide gisa jarriaz. Esan beharrik ez dago, proiektu hori ez duela Udalak bultzatu, sustapen pribatua da, gobernu honek begi onez ikusi duena eta babesa eman dio. Udal talde guztiek izan dute hasieratik proiektu honen berri, eta baita udal gobernuaren harekiko babesarena ere. Proiektuak herriko sarreran errotonda egoki bat eta saltoki berria egitea aurreikusten zuen. Proiektuari proposamen bat egin zitzaion, gure iritzian erabat bideraezina zena; izan ere, ingurunea eraberritu eta behar bezalako errotonda eta saltokia izan ordez, urteetan zehar industria eraikin zaharkitu bat izatea besterik ez zuen ekarriko.

Legealdi honetan inbertsioak egiteko ahalmena oso mugatua da, kanpainan esan genuen legez, gure lehentasuna herrian mantenu lanak eta hobekuntzak egitea izango da, aurrekontuak baimentzen gaituen heinean. Horrek ez du esan nahi aukerarik izanez gero aprobetxatuko ez ditugunik, komentuaren erosketa horren adibide garbia dugu.

Azkenik, ondo saltzen diren gauzak soilik egitea omen da gure asmoa. Ez dugu ukatuko, ondo saltzen badira, herriko nahi eta beharrak betetzen dituzten seinale. Beraz bide horretan jarraituko dugu lanean, herritarren beharrak entzunaz eta ahal dugun neurrian haiei erantzun bat ematen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak