Testing Programa deitutakoaren helburuak hainbat dira, besteak beste, honakoak: gazteen gehiegizko substantzia kontsumoaren prebentzioa, informazio zehatz eta objektiboa eskainita; droga kontsumoak dituen arriskuez ohartaraztea hausnarketa eraginda; substantzia ilegalen inguruko osasun kontrol ezaz ohartaraztea; droga erabiltzaileen artean arrisku murrizketa kontzeptuak zabaltzea; eta substantzia eta kontsumo molde berrien inguruko informazioa helaraztea.
"Batez ere, aisialdian substantzia ilegalak kontsumitzen dituzten edota kontsumitzeko asmoa dutenei dago bideratua, bereziki lehenengo aldiz kontsumitzekotan direnei", jakinarazi dute Ai Laket! elkarteko kideek, eta gaineratu du: "Adingabeen kontsumoa, ahal den neurrian, atzeratzea eta murriztea dira helburu". Eta gaineratu dute programa horrek eraginkortasun handia frogatu duela erabiltzaileekin kontaktuan jartzeko, bereziki gazteekin.
Emaitzak Interneten
Testing Programaren bitartez gaur egun kontsumitzen diren substantzia arruntenen testak egiten dituzte: kalamua, anfetamina edo speeda, kokaina, MDMA edo estasia eta ketamina. "Horretarako mikroskopioa, test kolorimetrikoak, eta kromatografia erabiltzen ditugu. Laginak hartzen dira laborategira bidaltzeko, han analisi kimiko estandarra eginez dosi zehatza eta adulteratzaileen presentzia egiaztatzeko". Hain zuzen, substantzien aizunketa dela erabiltzaileen artean kezka handienetakoa diote. Emaitza horiek gero webgunean argitaratzen dituzte.