Udalak balkoietan edo leihoetan ikurrinak jartzera animatu nahi ditu aretxabaletarrak, eta, bide batez, kalera baserritar jantzita irteteko eskatu die herritarrei. Hala, baserritar trajea jantzita, eta postuak ikusiz, giroan murgildu eta Loramendi Elkarteak prestatuko dituen taloak jateko aukera ere egongo da, trikitilarien eta pandero-joleen musikarekin batera.
Produktu ekologikoz osatutako hogei postu izango dira guztira aurtengo azokan, eta horietatik lau herritarrek jarritakoak izango dira. Mendibitzuko ardi-gazta eta haragia, Maria Jesus Rebueltak ekarritako barazkiak eta Kurtzebarri eskolako ikasleek eta Jose Lonbidek ekarriko dituzten barazkiak. Hauez gain, sagardoa, eztia, arropa, landareak, ogia eta barazki ugari izango dira.
Azokaren hastapenetatik antolaketa lanetan aritu den Martin Garaik azaldu duenez: "Urtero moduan, hainbat produktu ekologiko izango ditugu San Migel jaietako azokan. Herriko bertako produktuak eta Euskal Herri osotik ekarriko dituztenak. Iazko azokaren antzera, ez dago aldaketa handirik; izan ere, postu kopurua bera da, eta urtero postua jarri dutenak bertan izango ditugu. Hala ere, aurten, Arabako Lagran herritik ekarritako hestekiak ere izango dira postu batean, berritasun moduan".
Artisau postu ugari
Barazki eta fruitu ekologikoez gain, artisauak ere protagonista dira Aretxabaletako azokan. Azken urteotan gora egin du artisauen kopuruak egun honetan, eta aurten 35 postu izango dira guztira.
Euskal Herri osoko ekoizleak elkartuko dira etxerako moduko hamaika produktu eskainiz, eta horietatik sei postu herritarrek jarritakoak izango dira. Artilea, eztia, bitxiak, otarreak, ardi-gazta, xaboia, euskal pastelak, larrugintza, kremak, zilarra, sendabelarra eta alpargatak ikusi eta erosteko postuak izango dira, besteak beste. Gainera, hainbat artisauk produktuak azokan bertan ekoiztuko dituzte, eta nola egiten duten ikusteko aukera ere izango dute azokara doazenek.
Umeak ere protagonista
Umeak ere protagonista izan ohi dira Aretxabaletako azokan. Arizmendi eta Kurtzebarri ikastetxeetako gaztetxoek postua jarri izan dute urtero, eta edizio honetan ere ez dute hutsik egingo.
Kurtzebarri eskolakoek ortuan beraiek ekoiztutako produktuak eta marmelada salduko dute, eta Arizmendikoek, berriz, beraiek egindako krispetak, hojaldre-lazoak, pintxoak… besteak beste.
Azoka ekologikoan, tomate erakusketa
Tomatearen astearen barruan, tomate erakusketa herrikoia izango da zapatuan. Parte-hartzaileek ekarritako produktuak 10:30etatik 13:00etara izango dira ikusgai Herriko Plazan.
Sariak, berriz, 14:00etan banatuko dira, eta irabazleek bertako produktuekin osatutako otarra jasoko dute. Tomate pisutsuarentzat, itsusiarenentzat eta barietate gehien erakusten duenarentzat.
Ikastetxeetako gazteak ere azokaren parte
Arizmendi eta Kurtzebarri ikastetxeetako haurrek postuak jarriko dituzte. Kurtzebarri eskolakoek ortuaren proiektua jarri zuten martxan duela urte batzuk, Udalarekin harremanetan jarrita lursail bat eskuratuta. Jose Lonbidek gidatu eta aholkulari lanak eginda, lehen eta bigarren mailetako ikasle eta irakasleak bertan hasi ziren. Sanmigeletako azoka ekologikoan, ortuan ekoiztutako sasoiko produktuak eta Otala Zelaiko irteeran jasotako masustekin egindako marmeladak saltzera eramango dituzte LHko hirugarren mailakoek.
Arizmendi ikastolakoak ere azokan izango dira. LHko lehen zikloko haurrek hojaldre-lazoak egingo dituzte, LHko bigarren ziklokoek krispetak, DHBkoek etxean egindako tartak eramango dituzte eta Batxilergoko ikasleek pintxoak salduko dituzte ikas bidaiarako dirua batzeko.
Animaliak hirugarren urtez
Azokako ohiko postuez gain, Aretxabaletako, bertako animaliak izango dira aurten hirugarren urtez ikusgai Arlutzeko kantxan. 10:00etatik 14:00etara bitartean: zaldiak, ahuntzak, ardiak, hiru mota ezberdineko oiloak eta astoak izango dira. Guztiak, herriko baserritarrek ekarritakoak.
Abereen feriak iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere jartzea erabaki du Udalak. Hala ere, feria baino gehiago, erakusketa izango dela adierazi dute; izan ere, haurrek beraiekin egoteko aukera izango dute, animaliak gertutik ezagutzeko asmoz.