Mugikortasun Astea irailaren 18tik 21era garraiabide jasangarrien alde

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 10a, 11:10
Iaz egindako bizikleta azoka.

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat egingo dute beste behin Aretxabaletan. Aurtengo leloa da Mugikortasun Adimentsua. Ekonomia Indartsua, eta helburua Europako herrietan eta hirietan garraiabide jasangarrien erabilera bultzatzea. Hori horrela, bizikleta martxa egingo dute batetik, eta bigarren eskuko azoka, bestetik.

Irailaren 18an, domekan, Urkulura egingo dute bizikleta martxa. Familia giroko irteera izango dela iragarri dute antolatzaileek, hau da, Guraso Foroak (Arizmendiko eta Pausokako gurasoak, Gurabarri eta Batera guraso elkarteak, Kukumiku eta Aretxabaletako udala). 10:00etan Herriko Plazan elkartuko dira eta handik Urkulura igo; bueltan Torrebasora (Eskoriatza) joko dute, gero etxera itzultzeko.

Bigarren eskuko bizikleta azoka

Bigarren eskuko azoka, ostera, irailaren 21ean, eguaztenean, izango da, Herriko Plazan (17:00-20:00). Bizikletak, patinak, patineteak, kaskoak eta beste hainbat kontu saldu ahal izango dute herritarrek, haurren materiala zein helduena. Material hori Udalak aurretik jasoko du, irailaren 19an, astelehena, hain zuzen ere (11:00tatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara), Arkupeko harreran.

Udala arduratuko da materiala jaso eta saltzearekin, baina prezioa jabeak jarriko dio. Saltzen ez dena jabeari itzuliko diotela iragarri dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak