Txupina bota zuten Atzegiko kideek herritarrak sudur gorria janztera animatu eta maitasuna eta umore ona eskatu zituzten jaietarako. Halaxe joan direla baieztatu du Joxe Migel Uribarrenek, Kultura zinegotziak: "Giro jator eta alaia izan dugu eta handia izan da parte-hartzea. Taldeen maila altua nabarmenduko nuke, baita umeendako egunero egon izana zerbait ere".
Aldaketekin pozik
Jaiak hobetze aldera egindako aldaketekin pozik azaldu da; horien artean dago haurrei eskaintzea bigarren eguna: "Haurren Egunarekin oso gustura gaude, ekitaldi ugari egon dira eta ume asko elkartu da horietan. Apar festaren ordez umeendako jarritako igerilekuak ere arrakasta izan du", dio. Arrakasta izan duten beste ekitaldi batzuk dira Deabru Beltzak taldeak sua lagun egindako kalejira, Andoni Calvo aretxabaletarrak girotutako dantzaldia, Moulin Rougeren omenezko musikala –300 aulki beteta eta jendea zutik– eta Kuadrillen Eguneko bazkaria; 600 lagunek jan zuten paella.
"Ezin utzi aipatu gabe Aretxabaleta Abesbatzak emandako goi mailako meza: Laudeamus, Casimiriren Aintza eta Bizente Goikoetxea aramaioarraren heriotzaren 100. urteurrenean haren Ave Maria abestu zituzten, besteak beste", jakinarazi du eta gaineratu du jai bezperako salbea Felix Zabalak Aretxabaletako Abesbatzari eskainitakoa izan zela.
Kirol ekitaldiek ere jendetza elkartu zuten; 78. txirrindulari lasterketak batetik, eta profesionalen arteko pilota partiduek, bestetik. Aurten erretiratuko den Pablo Berasaluze pilotaria omendu zuten gainera, eta zaleen txalo zaparrada beroa jaso zuen horrek. Kuadrillen Eguneko giro beroak –kuadrillen arteko jokoak, sokamuturra, Rockalean taldearen kalejira…– borobildu zituen abuztuaren 17an jaiak.
Hobetzeko kontuak
Hurrengo urteko jaiei begira Haurren Eguna eta Moulin Rouge erako musikalak errepikatzeko gogoa agertu du Kultura zinegotziak. Era berean, hobetzeko kontuak aipatu ditu: "Zarata orduz kanpo; edalontzien eta botilen apurketak; eta zikinkeria: txiza hormetan…". Eta gaineratu du: "Aretxabaletarrei barkamena eskatu une batzuetan izandako eragozpenengatik. Bestalde, eskerrak eman antolatutako ekintzetan izandako parte-hartzeagatik eta gizalegez jokatu izanagatik".