Azken urteotan legez 3 eta 12 urte arteko neska-mutikoak elkartuko dira adinaren arabera egindako taldeetan. "Umeei eman gura diegu berba eta ekintza batzuk parte-hartze bidez hautatu. Programaketa orokorra eginda egon arren, eurek ere izan dezatela zeresana", jakinarazi du koordinatzaile lanetan jardungo duen Jone Ojeak. Jolasak izango dira nagusi beste behin, eta eskulanak ere egingo dituzte.
Euskal Jaia uztailaren 13an
Berrikuntzak daude gainera. Orain arte urtero ospatu bada ere San Fermin eguna, aurten ez dute halakorik egingo: "Aldatzea erabaki dugu", dio. Horren ordez, Euskal Jaia egingo dute, uztailaren 13an hain zuzen: "Buruhandiekin jai giroan ibiliko gara goiz partean; arratsaldean, ostera, nagusienak igerilekura joango dira eta gainerakoekin feria bat gertatuko dugu". Lekaixoka bertso eskolakoen bisita ere jasoko dute aurten lehenengoz. Eskolaren berri emango diete jolasen bitartez.
Urtero legez irteerak ere egingo dituzte, inguruko auzoetara, Gamarrako igerilekura eta kostaldera, esaterako. Eta gaua pasatzera ere joango dira: "3. eta 4. mailakoak Otalazelaira, eta 5. eta 6. mailakoak, oraindik zehazteko egon arren, seguru asko Leixargarateko txabolara".
Kirol udalekuetan 34 gaztetxo
Orain dela urte pare bat egindako legez kirol udalekuak antolatu ditu Udaleko Kirol Sailak Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 4. mailara artekoendako. 34 gaztetxok eman dute izena eta horiek ere gaur hasiko dira. Sei begirale lagun hartuta hainbat kirol jarduera egingo dituzte: eskalada, ur jolasak, dantzak, euskal pilota, badmintona, irristaketa, akrosport, herri kirolak, altxorraren bila, mendi irteerak… Astelehenetik eguenera goiz eta arratsalde jardungo dute, eta egubakoitzetan goizez bakarrik.