Hainbat gai eztabaidatu eta onartu zituen atzo, martitzena, egindako ezohiko osoko bilkuran Aretxabaletako udalbatzak. Besteak beste, diru-laguntzen plan estrategikoa datozen hiru urteotarako eta katastroaren balioak berrikustea. Eztabaida, baina, Azbe lantegia izandako eraikinak sortu zuen.
Orain dela hainbat hilabete jakinarazi zuten supermerkatua jartzeko asmoa zutela han. Lur horrek industria erabilera izan du orain arte, hortaz, Aretxabaletako hiri antolaketako arauen elementuetan aldaketa egin beharra dago hirugarren sektoreari, hau da, zerbitzuei dagokion erabilera izan dezan.
Eraikin hori Aretxabaleta Naves enpresarena da. Eta asmoa da supermerkatu bat jartzea han, hainbat aparkaleku inguruan dituela: "Salmenta guneak gehienez 1.800 metro karratu izango lituzke, eta inguruan 54 aparkaleku. Goiko solairuan, ostera, biltegiak egongo dira", jakinarazi du alkateak.
Zerra-haginak dituen eraikina dagoenetan utziko dute, nahiz eta eraberritu beharra egon. Bulegoak egon ziren atala, ostera, bota egingo dute. "Behin hori botata behar den bezalako biribilgune bat egin ahal izango da", argitu du Elkorok.
Inguru guztia txukuntzea eskatuko diote eraikinaren jabeari, baita atzeko partea eta Urkulu aldera doan espaloia zabaltzea ere.
Supermerkatua baino gehiago gura
Udal alderdi guztiak ez ziren bat etorri aurkeztutakoarekin. EH Bilduk lau arrazoi eman zituen horretarako: batetik, plangintza orokor baten barruan sartzeko eremu horren erabilera eskatu zuen; bestetik, ez daudela proiektuaren aurka azaldu zuten, gehiago egitearen alde baizik.
EH Bilduk proposatutakoak zalantzan jartzen duela bideragarritasuna enpresa sustatzailearendako erantzun zuen alkateak. Eta eraikina Udalarena balitz beste proiektu bat egingo luketela.
Irabazi alderdia, bestetik, abstenitu egin zen.
Jeltzaleen eta zinegotzi sozialistaren botoekin onartu zuten prozesua abian jartzea. Orain jendaurrean jarriko dituzte planoak eta argibideak, herritarrek alegazioak aurkeztu gura badituzte. EH Bilduk, iragarri du aurkeztuko dituela.