"Aldaketa sozio-ekonomikoaren eraginez gure inguruko paisaiak izandako aldaketaren berri ematea da asmoa; lursailen jabeen beharren araberako aldaketak izan dira sarritan. Nire esperientziatik abiatuta emango dut horren berri, historian zehar, batez ere azken 50 urteotan, zelan joan den aldatzen hausnartuko dugu elkarrekin inguruari behatuta", jakinarazi du Lezetak.
Aozaratza auzoko Otalora dorretxeko aparkalekutik abiatuta Larrino aldera egingo dute elkartzen direnek, eta handik aztertu inguruko bazterrak. Paisaiari erreparatuta bertako espezieen eta azken urteotan kanpotik etorri eta indarra hartu dutenen berri ere emango du besteak beste, basozain eskoriatzarrak: "Landaretzaren gainean jardungo dugu, baita animalien gainean ere".
Irailean ekimen gehiago
Ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta antolatu du Udalak domekako irteera. "Horrekin batera beste hainbat ekintza egitea zen gure asmoa, Urkulu garbitu, esterako, azken urteotan egindako moduan, baina azkenean irailera atzeratzea erabaki dugu", jakinarazi du Ingurumen Saileko teknikari Anabel Diazek. Horrekin batera beste ekintzaren bat edo beste egingo dutela irailean gaineratu du.