Beharrak eta gabeziak identifikatzearekin batera, gazteen ongizatea sustatzea da ikerketaren helburua. Horretarako, bost arlo hartu dituzte kontuan: pertsona; familia; aisia eta parte-hartzea; hezkuntza; eta gizartea.
Arlo pertsonalari dagokionez, autonomia sustatu eta adimen emozionala landu beharra agertu dute, besteak beste. Familia arloan gurasoek duten orientazio beharra erakutsi du ikerketak; eta arlo sozialari dagokionez kontsumismoa, indibidualismoa eta helduen artean erreferentzia falta igarri dituzte, euskararen erabilera jaitsierarekin batera. Aisialdiaren kasuan espazio beharra adierazi dute gazteek, baita parte-hartzeko gune falta ere. Eta hezkuntzari dagokionez alor emozional-afektiboaren lanketa urria ematen dela jaso dute, besteak beste.
Esku-hartze ildoak eta proposamenak
Behin egoera ezagututa, hainbat proposamen eta esku-hartze ildo zehaztu dituzte kale hezitzaileek; hamalau guztira. Baita hainbat programa proposatu ere: kale heziketa programa; guraso eskola; hezkuntza eta guraso foroa; eta elkarteen foroa. Garrantzitsutzat jo dute gogo handia igarri izana gazteekin lan egiteko: "Bidea egiteko egon arren, gogoa eta indarra antzeman ditugu; izan ere, gazteekin ganoraz lan egiteko gogo handia dago herrian".
Ikerketa hori aurkeztu diete Udal ordezkariei eta gazteen inguruan dabiltzan arduradunei: "Herriko gazteen argazki osatua erakutsi digute. Egindako proposamenei jarraipena ematen saiatuko gara orain", adierazi du Karmele Uribarrik, Ongizate Saileko zinegotziak. Ikerketa lan guztia herritarren eskura jarri dute Udalaren webgunean.