Atera du 'soul' guztia Sorkunek

Jon Berezibar 2016ko mai. 15a, 12:25
Sorkun, atzo, Zaraia aretoan.

Bakarkako bideari berriz heldu eta soul eta funky erritmoetara gerturatu da oraingoan Sorkun. Harenaren moduko ahotsentzat dago egina musika beltza, edonork ezin du, eta oreretarrak ederto daki hori. Erakustaldia izan zen Ziklomorphosia diskoaren aurkezpena eta zenbait klasiko ere berpiztu zituen, betiko zaleen harridura eta gozamenerako. Txaloek luze iraun zuten atzo iluntzean, Zaraia aretoan. 

Eroso, ezin hobeto doakion jantzi musikalarekin eta estiloz, Ziklomorfosia lana aurkeztu zuen atzo Zaraia aretoan Sorkunek; soul eta funky saio distiratsu eta dotore batekin.

Ez da Sorkun berri bat, guztiz, behintzat. Kashbadekin hasi zenetik, hamaika kolaborazioetan eta, era nabarmenean, bakarkako diskoetan, gerturatu izan da  musika beltzera. Ziklomorforsia, ostera, jauzi totala eta estilo ariketa izan da. Sorkun agertokiaren gainean ikusi besterik ez dago, jabetzeko beretzat egina dagoela eta bere egiten duela soinu hori. Luxuzko taldea ere badauka zuzenean, gozatu ederrako bermea ematen duena, atzoko saioan Aretxabaletan ikusi zen bezala. 

Kashbaden itzuleraren zorra kitatuta eta taldearekin Arrakalak nabarmena argitaratu eta gero, Sorkun da atzera ere Sorkun Rubio. Jantzita zeraman lentejuelazko alkandora bezain distiratsuia izan zen atzokoa, eguzkitsua ia, groove-a ez baitzen une batez ere eten, abeslariaren aurpegiko irribarrea bezala. Disfrutatuz eta goxoki aurkeztu zituen abesti berriak, arreta berezia emanez, interpretazioari, ñabarduraz josita eta soul handiz abestuz.

Nabari da gainera, primerako laguntza izan duela oraingoan letretan (Eider Rodriguezek eta Harkaitz Canok, besteak beste, idatzi dituzte hitzetako batzuk); abestiek bizi berria dute eta horren froga bikaina Hiroshima da ("Nork ez du bere Hiroshima memoriaren geografian"), aipagarrienen artean. Gustura entzun ziren halakoak.

Atzera begiratuta, bakarka egindako lehen urratsetik, Onna (2002), Ziklomorfosia-ra arte (2015), Sorkunek erakutsi du euskal musikako ahotsik polibalenteena dela berea, eta egindakoa gustuz egin duela. Artistikoki ere, Onna horren aurkezpen-karta izan zen Gizaki hauskorra abestitik, Ziklomorphosia-ko Gizon laztan ederrera, ildo bat ikus daiteke, kontrapuntu eran, eboluzio musikal, pertsonal eta artistiko goraipagarri baten. 

Oso sasoi oneko dagoela erakutsi zuen Zaraian Sorkunek eta etapa berrian bete-betean aurkitzen bada ere, iraganera egindako keinuak politak izan ziren. Adibidez, Duna diskoko Heldu nazazu eta Hator abestien bertsio berriak dotore eta jostariak dira. Gutizia, bisetarako gorde zuen Sorkunek. Lurra abestia, jatorrizko bertsioan paregabea eta rock ukabilkada abestia izatez, orain bertsio iradokitzaile eta limurtzailean dakar zuzenera. Ezin ederragoa. Antzerako eraldaketa erabili zuen Kashbaden Amalur klasikorako. Jatorrizkoaren soinua jada zaharkitu samar geratu bada, ukitu funky-ak usain klasikoarekin berpiztu du Sorkunek. Bide horretatik sorpresa atsegin bat baino gehiago ekar dezake abeslariak.

Itzulera ezinago atsegin eta gozagarria egin du Sorkunek. Horren froga eman zuen Zaraia areto erdi betean atzo iluntzean. Txaloek luze iraun zuten eta ez zuen gutxiago merezi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak