Otala Zelaik erromeria giroarekin egingo die harrera herritarrei domekan

Mirari Altube Arrese 2016ko mai. 13a, 13:31

Umeak pottoken gainean iaz.

Maiatzarekin batera Otala Zelai eguna etorri da, eta erromeria giroak ez du hutsik egingo beste behin, domekan, maiatzaren 15ean. Lasterketak, animaliekin jolasak, paella lehiaketa eta dantzak izango dira Aozaratzako zelaian.

Kultura Saileko kideek jakinarazi dute eguraldi txarra eginez gero Iturrigorri pilotalekuan egingo dutela jaia, baina goizeko ekitaldiei eutsita: "Goiz parteko ekitaldi guztiak zelaian bertan egiteko asmoa dugu, animaliekin jolasak besteak beste, lasterketak direla-eta herritar asko elkartzen delako".

Pottokak eta bigantxa txikiak izango dituzte umeek jolas egiteko, eta trikiti doinuek girotuko dute eguerdi partea. Gero etorriko da paella lehiaketa; horretarako aurrez eman behar da izena Arkupen, 5 euro ordainduta (euria eginez gero bertan behera utziko dute lehiaketa). Arratsaldean Leizarra musika eskolako dantzarien ekitaldia izango da.

Egitaraua osorik

  • 10:00 Haurren eta gaztetxoen lasterketak.
  • 11:00 Joseba Mardo-ren oroimenezko 38. krosa.
  • 12:30 Lasterketen sari banaketa ekitaldia.
  • 13:00 Animaliekin jolasak.
  • 13:00 Paella lehiaketa.
  • 13:30 Sagardo festa, musika eskolako trikitilariekin.
  • 14:30 Herri bazkaria, norberak eramanda.
  • 16:00 Euskal disko festa.
  • 18:00 Dantza saioa musika eskolako dantzarien eskutik.
  • 19:00 Euskal disko festa.

Mugarriak ikustera

Udalbatzak urteetako ohitura berreskuratuko du eta mugarriak ikustera joango dira aurten. Alkatea eta sei bat zinegotzi, Udal idazkaria eta hainbat auzotako alkateak elkartuko dira, eta mendi ibilaldiaren ostean elkarrekin bazkalduko dute Matikun.

Otala Zelai egunaren bueltako ohiturak

Aitor Antxia Leturiak jasotakoa:

"Aretxabaletan Otala Zelai eguna oso entzuna eta gogokoa da bertakoentzat; maiatzaren 12an, Santo Domingo Guzmangoaren festa egunarekin batera ospatzen da, igandea bada, eta hurrengo domekan asteguna baldin bada.

Egun horretan bi ekintza egiten ziren eta oraindik bat ospatzen da. Batetik, Udaleko zinegotziek herriaren mugarriak bisitatzen zituzten ukitu barik zeudela ikusteko; eta bestetik zezen aukera egiten zen, mendira bidaliz urte betean behiekin batera ibil zitezen. Mugarrien azterketaren aztarna dokumental zaharrena 1490. urtekoa da, Aretxabaletako Artxibategi Historikoan gordeta. Elkartu ziren zinegotziak eta zin egin ondoren Ybarrako San Martin baselizan (lur zatia buruan eta Biblian jarriz eskua) han atera ziren Leintz Bailarako mugarriak miatzen. Ermita hori XVIII. mendean bota eta saldu egin zuten. Ibilaldia Arbinzelain hasi zuten eta egunak behar izan zituzten denak aztertu arte; tokien deskribapena zehatza eta toponimia aldetik interesgarria da.

Zezen aukeraketari buruz zera esan daiteke: egun horretan baserri auzo bakoitzak zezen bat plazaratzen zuen Otala Zelain eta indartsuena eta sasoikoena aukeratzen zen "para el servicio de las vacas". Oraindik honen aztarna gelditzen da, bertakoek inguru konkretu bati "zezen putzu" esaten diote. Mugarrien ibilaldia luzea da, baina zatitu ezkero lau urtetan egin daiteke; ondorengo zinegotzientzat erronka bihur daiteke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak