Kaleko dantza ikusgarrienak agertoki gainean zapatuan Aretxabaletan

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 11a, 11:59
Berrehun dantzari baino gehiago izango dira Ibarran.

Kaleko giroak hartuko du berriro ere herria. Izan ere, Fun Dantz jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute Ibarra kiroldegian.

Break On Stage ekimenak Udalarekin batera antolatzen du egitasmoa, eta, hain zuzen, apirilaren 16an Bilboko Bizkaia Arenan egingo den Break On Stage dantza urbanoen lehiaketarako sailkatuko dira Aretxabaletan ondoen aritzen diren bi taldeak. 200 dantzari baino gehiago etorriko dira bihar. Sarrerak aurrez Arkupen eros daitezke, 3 eurotan; eta 5 eurotan bihar, Ibarrako leihatilan.

Honezkero Fun Dantz errotuta dagoela uste du antolaketa taldeko Ander Garaizabalek: "Sare sozialetan izaten ari den hedapena ikusi besterik ez dago", dio. "Lehen edizioa gauza desberdinen erakustaldi antzeko bat izan zen, baina dagoeneko kontzeptua argi dago: dantza urbanoen lehiaketa bat, non Break On Stagerako sailkapena jokoan dagoen".

Aurten, bi atal izango ditu jaialdiak: lehenengo, 18:30etik 19:30era, 15 urtetik beherako gazteen eta 16 urtetik gorakoez osatutako bikoteen txanda izango da. Horren ostean, berriz, nagusien taldekako atala etorriko da."Deialdi zabala izan denez eta edonork eman ahal izan duenez izena, egin duguna da mailak desberdindu. Lehenengo, gazteak, eta horiekin batera bikoteak, apur bat orekatzeko, eta ostean, lehiatzera datozenak".

Guztiek dantzatutakoan, 21:00etan sari banaketa ekitaldia izango da.

Hogei talde

Guztira, hogei talde izango dira, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriak: "Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñetik etorriko dira taldeak, baina baita Durangaldetik, Eibartik, Lasartetik Bilbo Handitik...

Taldeen profila askotarikoa izango da, Ander Garaizabalek azaldu duenez: "Alde batetik, erakustaldietan nahiko profesionalak diren taldeak daude; akademia batetik datozenak, esaterako. Baina badaude espontaneoagoak ere, eskoletan baino gehiago kalean elkartzen direnak". Taldekide gehienak gazteak dira, hogei eta hogeita hamar urte bitartekoak, neskak zein mutilak. 

Dantza bakarrik ez 

Fun Dantzen hainbat alderdi hartzen dituzte kontuan emanaldi bakoitza baloratzeko: "Sinkronia, gaia, musika... ez da bakarrik dantza eginez indar erakustaldia egitea. Esaterako, jantzien aukeraketa edo berritzaileak izatea ere saritzen da". Hori guztia taldeek aurrez landu behar dute. 

Aurreko edizioetan freestyle estiloa ere jorratu dute, baina aurten koreografiei eman nahi izan diete garrantzia.

Epaimahai profesionala

Lehiaketak "garrantzia hartu duela" ikusita, epaimahai "espezializatu" eta "neutroa" ekartzea erabaki du antolakuntzak. Zaragozako hiru pertsonak osatuko dute, eta bakoitza talde bateko partaide eta arlo batean aditua da. Jor-G urban dance modalitatean aditua da, eta Resistance Crew taldetik dator.  Milki, berriz, Circle Of Trust-eko partaide da, eta dantza garaikidea da haren espezialitatea. Bukatzeko, Delicious taldeko Paula-k vogue, hip-hop eta urban estiloak jorratzen ditu. 

Atzeko lana

Parte hartzaileak soilik ez, kanpotik ikusle asko erakartzen duen ekimena da Fun Dantz. 200 dantzaritik gora daude, eta saiatzen dira emanaldi bakoitzaren artean itxaronaldirik ez egiten: "Etenik gabeko ikuskizuna da, oso modu dinamikoan burutzen dena", dio Garaizabalek. Horrek koordinazio lan handia eskatzen du. Baina orain arte ondo moldatu gara".

----------

Ainhoa Zamora (iazko irabazleen zuzendaria): "Aretxabaletako giroa oso etxekoa da, laguntasun handia dago denen artean"

Bilboko Fusion Noise taldea izan zen iazko Fun Dantzen irabazlea, eta Break On Stage jaialdian izan ziren Europako onenekin batera. Bihar Aretxabaletara itzuliko dira. Ainhoa Zamora da zuzendaria.

Nolakoa da zuen estiloa?

Desberdina. Gure esentzia propioa daukagu. Oso eszenikoak gara, ukitu ilun bat daukagu, eta oso rockeroa. Normalean, lehiaketetara erakustaldiak egitera joaten gara, lehiatzera baino gehiago. Horregatik, izugarria izan zen iaz Aretxabaletan irabaztea, egiten duguna gaur egun bogan dagoenaren oso desberdina baita.

Break On Stageko esperientzia nolakoa izan zen?

Izugarria. Herrialde desberdinetako taldeekin batera geunden. Giro oso urbanoa zen zentzu guztietan. Eta horren agertoki handia, horrenbeste jende...

Zer prestatu duzue biharko?

Iaz bezala, giro iluneko koreografia batekin gatoz, iazkoa baino ilunagoa, hain zuzen. Irudiari garrantzi handia ematen diogu, jendea lehen unetik harritzeko asmoz. Nobedade moduan, aurten junior talde bat ere joango da gure eskolatik: Fusion Blood.

Zelakoa da Fun Dantzeko giroa?

Euskal Herriko lehiaketen artean, Aretxabaletakoan eta Zarauzkoan giroa oso etxekoa da, familiakoa bezala. Talde guztiek elkar ezagutzen dugu, eta lehiaketa handietan baino laguntasun giro handiagoa dago. Entseguetan, taldeek elkarri txalo egiten diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak