Aldarrikapena eta aitorpena eskutik datoz Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan

Mirari Altube Arrese 2016ko mar. 4a, 09:16
Lau bankuko plazan iaz egindako ekitaldia.

Berdintasuna lortzeko patriarkatuarekin bukatu behar dugu! leloarekin aldarrikapena, aitorpena eta jai giroa batuko ditu Emakumeen Nazioarteko Egunak datozen egunotan, Aretxabaletan. Bihar, zapatua, hasita ekitaldi mordoa iragarri dituzte.

Udalak, feminista elkarteak eta herriko beste hainbat eragilek –ikastetxeak besteak beste–, bat egin dute eta egitarau dotorea gertatu aldarrikatzeko honako hau: "Emakumeen ahalduntzea, gizonen inplikazioa eta berdintasun politiken sustapena", eta gaineratu dute: "Gutako bakoitzaren jarrerak berrikustea ezinbestekoa da".

Bihar, zapatua, hasiko dituzte ekitaldiok. Herriko hainbat emakumeren lanak –ilustrazioak, argazkiak, pinturak, eskulanak, diseinuak…– jarriko dituzte ikusteko goizean Ixadebalde azoka inguruan (Mitarte kalean edo pilotalekuan). Eta hori girotuko dute trikitilariek eta bertsolariek.

Domekan, ostera, UDAk antolatutako III. frontenis txapelketako finala jokatuko dute; hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko Lur Delgado eta Dorleta Elkorobarrutia, Idoia Elkoro eta Iratxe Bravoren aurka, eta finala izango da Lore Martinez Axpe eta Rosa Ojuel, Ainara Muga eta Amaia Ariznabarretaren aurka. 12:00etan hasiko da finala eta bukatutakoan, 13:00etan, kalejiran joango dira Lau bankuko plazara. Atxabaltako Feminista Elkartiak antolatuta erratzak banatuko dizkiete han bi emakumeri "berdintasuna lortzeko bidean egindako ekarpenaren aitortza" legez.

Martitzenean elkarretaratzea 

Urtero egin ohi den elkarretaratzea martitzenean egingo dute, martxoak 8. 19:00etan elkartuko dira Herriko Plazan, eta bertsolariek girotuko dute ekitaldia. Ondoren, 19:30ean, Non gaude? antzezlana izango da Arkupen (sarrera, 4 euro). Lakrikun taldea –Gurutze Eizmendi, Idoia Uranga eta Alaitz Olaizola– inkonformista eta iraultzaile etorriko da oraingoan ere, bazterrak astintzeko gertu.

Eguaztenean, hilak 9, ostera mahai-ingurua izango da Arkupen. Lorea Agirre kazetariak eta Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakasleak hausnartuko dute honako gai honen inguruan: Izan zaitezke euskaltzalea, feminista izan gabe? Udalak, Loramendi elkarteak, Udal euskaltegiak, Kurtzebarri eskolak, Arizmendi ikastolak eta Huhezik antolatu dute elkarlanean, eta herritar guztiak gonbidatu gura dituzte haiekin batera hausnartzera, zalantzak argitzera eta kontu kontari jardutera.

Egitaraua osorik

Atxabaltako Feministak Elkartiaren idatzia 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak