Hautestontziak Kurtzebarri eskolan jarriko dituzte, lau mahai, eta ordutegia izango da 09:00etatik 20:00etara.
Udalak, gainera, aurretik bozkatzeko aukera eskainiko du; urtarrilaren 14tik 21era bitartean, hain zuzen ere. Udaletxeko idazkaritzara jo beharko da horretarako, eta ordutegia honako hau izango da: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Bi boto-orri
Horren guztiaren gaineko argibideen esku-orria gertatu du Udalak, eta etxe guztietara helaraziko du datozen egunotan. Boto-orriak ere banatuko dituzte orduan.
Galdera bakarrari erantzungo diote herritarrek; honako honi: Aretxabaletako udalerrian, zein uste duzu dela hondakinak selektiboki biltzeko sistemarik egokiena? Proposatutako sistema bakoitzeko boto-orri bana izango dute hautatzeko; bata atez atekoarentzat (gaur egungo bilketa) eta bestea bosgarren edukiontziarentzat (edukiontzien bidez gaikako bilketa, organikoarenak eta errefusarenak txipa dutela).
Udalak botoa ematera gonbidatu ditu aretxabaletarrak, eta zera esan du: "Guztion artean erabakitako sistema da udalerri osoan ezarriko duguna".