Txaro Gallego: "Amets bat izan ostean egindako ikerketa lana da antzezlana"

Mirari Altube Arrese 2015ko abe. 18a, 17:08
Txaro Gallego, antzezlaneko une batean.

Nafarroako antzerki eskolan hasi zuen aktore ibilbidea Txaro Gallegok (Aretxabaleta, 1976) eta ia hamahiru urte Madrilen egin ondoren bueltan da. Gaur, abenduak 18, berak idatzi eta ekoiztutako lana aurkeztuko du Arkupen: Suerte.

Etxean estreinatzea gura zenuen zure lehen lana eta lortu duzu.

Zerbait argi banuen zen Aretxabaletan, etxean, estreinatzea. Eta oso pozik nago babes handia jaso dudalako, bai lagunen aldetik, bai Kultura Saileko kideengandik, eta orokorrean herritarrengandik.

Zeuk bakarrik sortu duzu lana.

Bai; testu guztiak, kantuak… Egia esan, kantuak konposatzen Esteban Mulas eta Iñigo Zubizarreta musikariek lagundu didate.

Hortaz, lan oso pertsonala da?

Bai, ikerketa baten ondorioa da. Amets bat izan nuen behin eta zorte berba etorri zitzaidan burura. Madrilgo kaleetara atera nintzen eta zer zen zortea galdetu nien hiritarrei: eskaleei, loteria erosteko zain zeudenei, prostitutei… Erantzunetatik abiatuta idatzi nituen testuak, eta horiek osatu neuri zein lagunei gertatutako kontuekin.

Eta guztiak elkartu dituzu...

Bai; poesiak, ipuinak, kantuak… elkartu ditut. Testu solteak direla iruditu arren hasieran, poliki-poliki dena osatzen joango da eta guztiak zentzua hartuko du.

Oholtza gainean bakar-bakarrik egongo zara; ez zaitu izutzen?

Hasi aurretik bai, ihes egingo nuke takarradan, baina behin jendaurrean jarritakoan ez. Orduan lan hori ikusleekin partekatu gura dut.

Lagunen eta herrikideen aurrean biluzteak ez dizu erreparorik ematen?

Ez, neuri gertatu izan balitzait moduan kontatu arren guztiok bizi izan ditugulako halako egoerak. Guztiok topatu gura izan dugu geure bizitzako amodioa, guztiok galdu dugu norbait… Hortaz, betiko gaiak dira. Eta baliteke ikusleak identifikatuta sentitzea harekin edo horrekin.

Work in progres edo herritarrei zabalik dagoen entsegu saioa egin zenuen irailean. Zelako harrera egin zizuten?

Ikaragarrizkoa. Hurrengo egunetan besarkadak jaso nituen kalean eta nik uste horrekin esan gura zidatela: eskerrik asko, barruraino iritsi zait

Zein gonbidatuko zenuke Suerte ikustera?

Edonor, bai gaztetxoak, bai nagusiak. Gai asko lantzen ditut: amodioa bilatu nahia, desioa, bakardadea, heriotza… Eta zortea, bizitza bera delako zortea. Oinarrian etengabeko bilaketa bat dago. 

Gustura geratu zara lanarekin?

Bai, oso gustura. Baina lana ez dago itxita; beti dago aukera beste gai bat, beste kantu bat… sartzeko, eta ikusleen iritziei ere zabalik nago.

Ikerketa antzerkiaren aldekoa zara…

Bai, zalantza barik; antzerki klasikoa hor dago baina nik nahiago dut ikerketa antzerkia; norberak sortu, ikertu, probatu… Ikusteko ere klasikoa baino lehenago hautatuko nuke halako bat.

Aretxabaletarrek antzerki mota hori ulertuko dute?

Bai. Antzerki heziketa falta da gurean, ez dago ohiturarik, baina publikoa inteligentea da eta ulertuko du. Tristea da gero jendea gehiago ez joatea antzerkia ikustera…

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak