Euskaldun berriari aitortza egin gura izan dio Udalak ohar bidez.
Hona osorik:
"Hazkunde prozesua izan da EAEn euskara biziberritzearena, eta bi izan dira prozesu eredugarri horren zutabe nagusiak: hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta milaka, baita ere, euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.
2015eko Euskararen Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi zaie, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen baitute pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi dira.
Hainbeste pertsonek urteetan egindako ahaleginari esker ona eta jarraipena egiteko, aurrerantzean euskararen ezagutzaren unibertsaltasuna bermatu behar da eta horretarako doakotasunaren bidean aurrerapausoak ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu.
Horregatik guztiagatik: Udal honek konpromisoa hartzen du heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztiei jendaurreko aitortza erakustea eta udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo guneren bati laster EUSKALDUN BERRIA izena jartzea.
Aldi berean, herritarrei deia egiten diegu, abenduaren 3tik 10era balkoietan Euskaraz bizi nahi dut leloa duen banderola jarri dezaten.
Herritarrei Euskarak 365 egun lelopean deitutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten die Udal honek. Euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak, norabide horretan urratsak ematen jarraitzera animatzen ditu Udal honek".