'Emakumeenganako indarkeriarik, ez!' aldarrikatzeko eguna azaroaren 25a

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 23a, 10:00
'Ez gara Palestinaz ari' ikuskizuna.

Herritarrekin batera aldarrikatu gura du Udalak Emakumeenganako indarkeriarik, ez! eta elkarretaratzea egingo du eguaztenean, azaroak 25, 19:00etan, plazan. Ondoren Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna izango da Arkupen eta beste ekitaldi batzuk ere egongo dira horren bueltan.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltako adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez udalbatzak, astelehenean egindako osoko bilkuran. Horrekin konpromisoa hartu zuten tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde udal politika aktiboa eta koordinatua garatzea. Eta herritarrak gonbidatu zituzten berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera, eta azaroaren 25aren bueltan egingo diren ekitaldietan parte hartzera. 

Plazan, 19:00etan 

Emakumeenganako indarkeriarik, ez! leloarekin egingo dute elkarretaratzea datorren eguaztenean, hilaren 25ean, Herriko Plazan, 19:00etan. Eta ondoren, 19:30ean, Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna izango da Arkupen.

Eguenean, ostera, La fuente de las mujeres filma (Frantzia, 2011, 136 min.) emango dute zineklubaren barruan, 19:30ean.

Autodefentsa ikastaroa 

Bestalde, abenduaren 12an emakumeendako autodefentsa ikastaroa izango da kiroldegian (10:00-14:00 eta 15:00-19:00). Izena aurrez eman behar da, azaroaren 23tik 27ra bitartean, udaletxeko harreran, hara deituta (943 71 18 62) edo berdintasun sailera idatzita; hona helbidea: berdintasuna@aretxabaleta.eus.

 

Aitor Atxega (musikaria): "Gazteak gonbidatuko nituzke, baina denon babesa behar beharrezkoa da"

Ez gara Palestinaz ari ikuskizuneko musikaria da Atxega eta ekitaldira gonbidatu gura ditu herritarrak.

Zelako ekitaldia da?

Ikuskizun bat da; ñabarduraren bat eranstekotan sentikari bat izan daitekeela erantsiko nuke. Halere, zehazten hasita gauza askotatik pixkana bat du: musika abestua, musika instrumentala, propio emanaldirako sortutako irudi batzuk, poesia, antzerki bidez umore asko… 

Eta gaia emakumeen bueltan?

Funts funtsean Anderrek eta Unaik lehenengo pertsonan egiten duten konfesio bat izan daiteke. Alegia bene-benetako eta bizitako kontuak dira kontatzen direnak. Batak zein besteak prozesu terapeutiko bat pasa dute bizitzan zama bilakatu zaien hainbat konturi buelta emateko: aita, ama, transmititu zaizkien minak, neskak inguratzeko kontuak, gizon rol edo patroiak edukitzearen zailtasunak…

Zein gonbidatuko zenukete bereziki ikuskizunera?

Edonorentzat egokia delakoan nago. Aspaldion gauza latzak entzuten ari gara; jarrera anker eta bihozgabeak emakumeen aurka. Eta gogorrena gazte asko dela tarteko. Iruditzen zait sentiberatasun bat falta dela edo ergeltasun oso primarioak ugaritzen ari direla. Hauek alde batera uztea eta beste bidezidor batzuk hartzea gazteen kontua dela iruditzen zait. Beraz, gazteak bereziki gonbidatuko nituzke, baina denon babesa behar beharrezkoa da bide honetan.

Ikuskizun horren bueltan zeintzuk zaudete?

Urte eta erdiko lana hartu zigun eta egia esan jende askok lagundu digu. Momentu honetan lau pertsona gabiltza, Unaik eta Anderrek kantatzen eta antzezten dute, eta Imanolek eta biok musikaren arloa daramagu. Eta batez ere entzulea! 50 emanaldira goaz eta bada zerbait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak