Gutxigatik ez ziren helburua lortu barik itzuli; Juanjo Otazu kamaralariaz tontorretik walkiez izandako elkarrizketa motzak erakusten du hori: "Juango, lortu dugu tontorrera iristea, baina azken 100 metroetan txarto pasatu dugu. Hotz galanta egiten du, argazki bat atera, eta bagoaz beherantz". Izan ere, azken kanpalekua batu eta beherantz jaisteko erabakia hartuta zeukatenean eguraldia baretu egin zen, eta gora egiteko erabakia hartu: "Zorte handia izan dugu. Gailurrerantz jotzeak oso arriskutsua zirudien. Denda jasota geneukan, baina bat batean haizea moteldu eta saiatzea erabaki genuen".
Jaisten ere zailtasun handiak izan zituzten, aurreikusi baino mendi ertz zorrotzagoa du Chamlangen mendebaldeak, eta tentsio handiaz egin zuten beherantz; haize zakarraren eraginez sufritu egin zuten. Kanpamentu nagusian, baina, balorazioa oso positiboa zen: "Oso bide interesgarria izan da, ederra, eta zailtasun handia duena", azpimarratu du bertatik Iñurrategik. Sateliteekin izandako arazoak tarteko zailtasunak izan dituzte handik irudiak bidaltzeko, baina ikusgarriak izango dira, seguru.
Japoniarrek zabalduta
Wopeak-eko hirukoak 1986an japoniar espedizio batek zabaldutako bidea errepikatu du, hau da, Chamlang mendebaldetik igo dute. Duela 30 urteko espedizioa, baina, 17 lagunek osatu zuten, espedizio oso astuna izan zen, besteak beste, 4.000 metro soka erabili zituzten tontorrera igotzeko. Hiruko euskaldunak, berriz, material gutxi izan du eskura, hiruren motxilatan sartzen zena.