Azokaren hastapenetatik gaur arte antolaketa lanetan ibili den Martin Garaik azaldu duenez, hasiera batean, nekazariena baino ez zen izaten, baina Biolur Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko elkartearen proposamena jaso, eta azoka ekologikoa egiteko erabakia hartu zuten. "Garai hartan jendeak ez zuen nekazaritza ekologikoaren berri, eta hasiera ez zen erraza izan", dio.
Izan ere, Aretxabaletan lehen azoka ekologikoa egin zuteneko garaian, Euskal Herriko beste hiruzpalau lekutan baino ez zuten halakorik egiten. Geroztik, ordea, gauzak asko aldatu dira, eta, Garairen ustez, herrian asko aldatu da produktu ekologikoen kontsumoa, neurri baten, azokari esker.
Ardoa, sagardoa, fruta, barazkiak, gazta, eztia eta haragia topatuko ditu postuetan, besteak beste, bihar goizean Durana kalera hurbiltzen denak, guztiak era ekologikoan eta, gehienbat, bailara inguruetan ekoiztutakoak. Dena den, badira Nafarroatik, Bizkaitik eta Arabatik etorriko diren nekazariak ere.
Kontsumo ohiturak
Aretxabaletarren kontsumo ohiturez galdetuta, Garaik argi dauka: "Batzuek urte osoan zehar mantentzen dute elikagai ekologikoak erosteko ohitura, baina beste batzuentzat urtean behingo kontua da, eta azokan soilik erosten dituzte era horretako produktuak", azaldu du.
Hori dela eta, Aretxabaletako kontsumo taldeak ere jarriko du postua azokan, taldeari buruzko informazioa eta izena emateko aukera eskaintzeko. Dena den, bertara hurbildu ezin dutenak atxabaltakontsumotaldea@yahoo.es helbidera idatzita jar daitezke eurekin harremanetan.
Eskuz egindako produktuak
Azken urteetan, azokan egon nahi duten artisauen kopuruak gora egin du, eta aurten 30 postu jarriko dituzte, iaz baino hiru gehiago, baina gehiagorentzako lekurik ez dagoelako. Izan ere, 80 artisau inguruk eman dute izena.
Eskaera horren aurrean, Udalak aukeratu egin behar izaten ditu etorriko diren postuak. "Ingurukoak izan daitezen saiatzen gara; hori bai, aniztasuna bermatuz, apur bat denetarik egon dadin", dio Inma Miguelek, Kultura teknikariak. Dena den, ingurukoez gain, Iparraldetik eta Bizkaitik ere etorriko dira batzuk.
Ohiko bitxigintzaz, argizari lanketaz eta egur tailaz gain, aurten, lehenengoz, almendrazko xaboiak egiten dituen artisau bat izango da azokan.
Normalean, artisauen produktuak erosteko aukera horrelako azoketan bakarrik izaten dela dio Miguelek. "Ez da erraza izaten azoketatik kanpo produktu horiek aurkitzea", azaldu du.
Abereak, bertatik bertara
Ohiko postuekin batera, bertako arrazetako abereak ere izango dira ikusgai azokan. Gainera, horietako batzuk –pottokak eta txahalak, hain zuzen– haurrekin egon daitezen ekarriko dituzte, gazteenei abereak ezagutzeko aukera emateko.