Sanmigelak Aretxabaletan

Oier Sarasua: "Giro polita dago afarian"

Maite Txintxurreta 2015ko ira. 25a, 09:55

Sei Pistols (Eta Trabuko Bat) taldeak jarriko dio musika aurten ere sanmigeletako kantu afariari.

Beste urte batez, Sei Pistols (Eta Trabuko Bat) taldea arduratuko da San Migel jaietako kantu afaria girotzeaz. Aurtengoa ekimena ospatuko den laugarren urtea izango da, eta urtero-urtero jende asko batzen du hitzorduak Durana kalean.

Aretxabaletako, Arrasateko eta Aramaioko musikariz osatuta dago talde hori. Tartean, Oier Sarasua aretxabaletarra dago; gitarra jotzen du hark.

Iaz 600 pertsonarentzako aulkiak jarri zituen Udalak, eta aurten ere hala egingo dute. "Daukagun material guztia ateratzen dugu", azaldu du Inma Miguelek, Udaleko Kultura teknikariak. Afaria, berriz, norberak eraman beharko du etxetik, orain arte egin izan den moduan.

Kantu liburua 

Aurten ere kantu liburuak jarri dituzte eskuragarri afarira bertaratzen diren herritar guztiendako. Astelehena ezkero salgai daude, euro baten truke, Arkupe kultura etxean. Liburuak berriak dira; hau da, ez da iazko kantu errepertorio bera errepikatuko.

Oier Sarasuak azaldu duenez,  euskal kanta tradizionalez gain, aurten kanta "berriagoak" ere sartzen saiatu dira. Esate baterako, Zea Mays talde bilbotarraren Negua joan da ta ospetsua sartu dute; baita, besteak beste, Kalakanen abestiak edota Mikel Markezek Hertzainaken No time for love kantuari egindako bertsio berria. Taldekideek eurek aukeratzen dituzte abestiak, eta "kriterio nagusia denetarik egotea da", Sarasuak dioenez: "Batzuk lasaiak dira eta beste batzuk martxosoagoak". 

Giro polita

Oier Sarasuak dioenez, musika egiten edonon gustura egoten den arren, norberaren herrian beti izaten da berezia. "Oso giro polita sortzen da", dio gitarristak: "Jendea kantuan eta gustura ikustea beti da pozgarria. 

Badira lau urte San Migel jaietan kantu-afaria egiten dela, eta hasieratik izan da Sei Pistols (Eta Trabuko Bat) taldea musika jartzearen arduraduna. 

Sarasuak aipatu du taldekideek eurek aukeratu ohi dutela zein lekutara joan eta zeinetara ez. Esate baterako, azaldu du herri bazkari batean hondoko musika jartzen duen taldea izatea ez dela haientzat agertokirik egokiena. "Jendea kantuan egitera datorren lekuetan jotzea" gustatzen zaie haiei, eta sanmigeletako kantu-afaria eurentzat ezin hobea da. Horrelakoetan hiru orduz jotzen aritzea "normala" izaten dela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak