Aurtengo San Migel jaietako nobedadeen artean dago doke txapelketa. Basotxo elkartearen ekimenez, lehen aldiz sartu dute egitarauan; domekan jokatuko da, Basotxo elkartearen atariko zelaitxoetan (11:00). Lau elkartek hartuko dute parte: Aretxartek, Loramendik, UDAk eta Basotxok. Basotxokoek hainbat alditan antolatu izan dituzte txapelketak, baina euren kontura: "Beste elkarteetako ordezkariek proposatu ziguten doke txapelketa egitarauan sartzea, eta kasu egin diegu", adierazi du elkarteko presidente Jose Ignacio Isasmendik.
Dokea, "oso erraza"
Ekaineko Kirol Egunean lau elkarte horiek dokean jokatu zuten, eta egun horretako arrakastatik dator, hein handi baten, sanmigeletako egitarauan sartu izana.
Hori bai, Isasmendik onartu du aretxabaletarren artean dokea ez dela oso ezaguna: "Gazte gehienek ez dute ezagutzen, dokeak ez ditu erakartzen. Adinekoon artean, aldiz, hedatuago dago. Arrasaten ezagunagoa da, urtero jokatzen dute Aste Santuan", uste du. Isasmendi bera arrasatearra izanik, txikitatik ezagutzen du joko berezia. Dokean jokatzeko, lurrean lerro bat marrazten da, eta lerro horren erdian lauki bat. Ondoren, laukiaren erdian labana bat kateatzen da, eta gertuenez zortzi metrora dauden jokalariek txanponak jaurtitzen dituzte lerro edo labana ingurura. Irabazlea da labanara edo lerrora gehien hurbiltzen dena. Dokean jokatzea "oso erraza" dela dio Basotxoko presidenteak, "edonork" probatzeko modukoa: "Adin guztiendako aproposa da; praktika apur batekin samur hartzen zaio neurria". Txapelketaren ostean luntxa egingo dute.
Bolo txapelketa berreskuratzen
Bestalde, bolo txapelketa bueltan dator aurten: "Duela urte batzuk Udalak bolo txapelketa antolatzeari utzi zion, ez dakit zergatik, eta ohitura ez galtzeko ni neu hasi nintzen antolatzaile lanetan", adierazi du Aitor Arantzabalek.
Zapatuan izango da, hilak 26, Iturrigorriko bolatokian (10:30). Izena emateko nahikoa izango da bertaratzearekin; 10:00 aldera irekiko dute izen-ematea eta jokalari bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu. Aretxabaletan hiru txirlotara jokatzeko ohitura dago, hiru jaurtiketarekin; beraz, puntuaziorik altuena bederatzi txirlokoa izango da. Arantzabalen arabera, boloa ahalik eta zuzenen jaurtitzean dago gakoa: "Norberarengan konfiantza izatea garrantzitsua da, eta hori praktikak ematen du. Hala ere, garrantzitsuena da zuzen botatzea, ezinbestekoa den indar puntuarekin. Sekula bolotan jokatu ez duenak ere irabaz dezake".
Lehen laurak izango dira sarituak; lehenak bildutakoaren %40 jasoko du, bigarrenak %30, hirugarrenak %20 eta laugarrenak %10. Lehen bi sailkatuendako urdaiazpikoa egongo dela ziurtatu du Aretxabaletako Udalak.