Sanmigelak Aretxabaletan

Jose Martin 'Tubi', herri-kirolaria: "Arratia aldean, egun badabil jendea"

Jon Berezibar 2015ko ira. 25a, 09:46

Jose Martin Tubi dimoztarrak 15 bat urte daramatza herri kiroletan. Zornotzako taldearekin hasi zen, lagun harri-jasotzaile bati laguntzen, eta txapelketak irabaztera iritsi da. Aretxabaletako saioan, Iparraldeko jokoen norgehiagokan ibiliko da, lasto altxatzean, ingude jasotzean eta orga jokoan. Bere lansaio gogokoenak dira horiek, gainera.

Bat-batean hasi zinen herri kiroletan. Nolatan?

Lagun batek erakustaldi baten laguntzeko eskatu zidan, harria nork ipini ez zuela eta. Ahalegintzeko esan zidan, eta proba egin nuen. 100 kiloko harria zen, Dimako jaietan, puztu egin nintzen, eta lau altxaldi egin nituen. Asko sufritu nuen, egur galanta. Hala ere, jendea animatzen hasi zitzaidan eta berehala sartu nintzen saltsan. Arratian, Diman eta Zeanurin, badabil jendea herri kirolen bueltan.

Harriarekin baino, zeuk  gurago dituzu bestelako lanak, ezta?

Lasto jaurtitze eta altxaketarekin  hasi nintzen. Badira 10 urte federatu nintzela, eta Iparraldeko jokoek garapen handia izan dute. Lasto, ingude eta orga probetan ibiltzen naiz.

Eta txapelak irabazi dituzu.

Lasto jaurtiketan egin diren Euskal Herriko txapelketa guztiak irabazi ditut, eta altxaketan lau. Abuztuan, hain zuen, Aian neure errekorra gainditu nuen: 25 jasoaldi egin nituen.

Marka atzera hausteko asmoarekin zatoz Aretxabaletara?

Ez, Aretxabaletakoan erakustaldia egingo dugu, proba ezberdinetan, bik norgehiagokan. Bi minutuan nork jasoaldi gehien.

Iparraldeko deritzen joko horiek ez dira ohikoenak. Entrenatzeko nola egiten duzue?

Lau-bost laguneko taldea badaukagu orain, eta Dimako frontoian egitura finkoa daukagu jarrita entrenatu ahal izateko. Eibarren bizi naiz eta astean hiru bider edo joaten naiz Dimara. Hori izaten da zailena, fardoak altxatzeko zazpi metroko egitura jaso behar da eta. Aurrerantzean, neguan zailagoa izaten da entrenatzea, eta baita bakartiagoa ere. Negu partean, beraz, behar baino gutxiago. Pisua hartu egiten dugu, hori baita ere. Taldean entrenatzea oso polita da, horrek asko animatzen du.

 


Denetariko lan-saioak erakustaldietan

Herri kiroletan, primerako erakustaldia egongo da Herriko Plazan domekan, irailaren 27an, denetariko lan-saioekin. Aizkolariak, harri-jasotzaileak egongo dira, batetik, eta, bestetik, Iparraldeko jokoen atalean hiru izango dira probak: fardo altxaketa, ingude jasotzea eta orga jokoa, hain zuzen ere, Jose Martin Tubi-rekin.

Aizkolarietan sei aldiz Euskadiko txapeldun izandako Arrospidek eta Muxikak jardungo dute nor baino nor gehiago. Lan-saioak hiru izango dira: bi ebaketa bertikal, sei horizontal eta ebaketa kolpeka. Bigarren norgehiagoka Irati Astondoaren eta Alazne Etxabururen artekoa izango da, eta, trontzaz gain, txingetan, artaburuetan eta lasterketan jardungo dute. Azkenik, bikote mistoetan, sei ebaketa bertikal egin beharko dituzte. Harri-jasotzaileei dagokienez, berriz, Aimar Irigoienek hainbat harri mota altxatuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak