Udasoinu Jazz taldeak kontzertua eskainiko du bihar Arkupen

Maialen Torres 2015ko ira. 18a, 15:19

Arkupe kultura etxean kontzertua eskainiko du bihar Udasoinu Jazz taldeak. 20:00etan hasiko dute emanaldia –iraileko kultura programan argitaratutako eguna eta ordua okerrak dira–, ordubete inguru iraungo du eta ez da tartean atsedenik izango.

Gehienbat musika klasikoa jorratzen duen ganbera taldea da Udasoinu Jazz. Dena den, bihar jazz doinuetara gerturatzen den programa eskainiko du laukoteak Arkupeko kontzertuan.

Txirula eta jazz hirukotea

Estilo klasikoa eta jazza nahasten dituen zortzi mugimenduko suitea taularatuko dute. Oholtza gainean, Alberto Itoitz izango da zeharkako txirularekin, Jon Boloisek pianoa joko du, Marcelo Escrichek kontrabaxua eta Jose Ramon Elkoro aretxabaletarrak, berriz, bateria.

Kontzerturako aukeratu duten pieza Claude Bolling piano-jotzaile eta konposatzaile frantsesaren Txirula eta piano jazz hirukotearentzako bigarren suitea da, eta zortzi mugimendu biltzen ditu bere baitan: Espiegle, Amoureuse, Entr'amis, Vagabonde, Pastorale, Affectueuse, Intime eta Jazzy.

Bihar Arkupera gerturatzen direnek Itoitzen hitzetan "entzuteko oso erraza eta atsegina den obra" topatuko dute. Ez da jazz kontzertu bat izango, nahiz eta jazzaren ukitua obra guztian zehar musikaren oinarrian suma daitekeen, bateriari eta kontrabaxuari esker.  Itoitzek azaldu duenez, ez dago musikan aditua izan beharrik emanaldiaz gozatzeko. Uda osoan zehar, hainbat lekutan jo dute pieza bera, eta "harrera oso ona" izan duela aitortu du Itoitzek. "Programa ezezaguna da, desberdina –bi estilo nahasten ditu, eta, hain zuzen, horregatik izan ohi du arrakasta", dio.

Horrez gain, musika ikasten ari diren gazteentzat ere erakargarria izan daitekeela uste du Itoitzek, batez ere zeharkako txirula ikasleentzat.

Claude Bolling

2015eko apirilean 85 urte bete zituen musikari frantsesak, baina umetan ekin zion konposatzeari. Besteak beste, 1984ko Lucky Luke filmeko soinu banda konposatzeagatik da ezaguna, baina, batez ere, 1975ean txirula eta piano jazz hirukotearentzat egindako lehen suiteagatik. Mundu mailan arrakasta handia izan zuen, batez ere AEBetan, eta musika barrokoaren dotorezia swing modernoarekin nahasten zituen. Arrakasta haren ondoren, 12 urte geroago konposatu zuen  formazio berarentzako bigarren suitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak