Aretxabaletako emakumeek onartu dute orain arte lo zorroan egon direla. Baina poliki-poliki, bataren gogoa eta bestearen bultzadatxoa elkartu, eta aurrera egiten asmatu dute. Aurreko agintaldian, gainera, bultzada handia izan zuen Udalaren aldetik. Izan ere, Berdintasun Saila sortu zuten orduan, aurrekontu propioarekin, eta iazko azaroaz geroztik teknikaria ere badago, Amets Beltran de Gebara arrasatearra.
Hala, ordura arteko berdintasun politika beste maila batera eraman dute eta plangintza osatua aurkeztu. Batetik, definitu dute Aretxabaletako emakumeen ahalduntze prozesua. Bestetik, emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurrean zelan jokatu zehaztu dute; eta hirugarrenik, Udal barruko sailetan berdintasun politika ezartzen hasi da. Eta plangintza horrekin udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztiak ados agertu direla jakinarazi zieten ekimenaren bultzatzaileek Arkupen elkartutako ia 80 emakumeri.
Lokala Ilargi plazan
Plangintza hori zelan gauzatu zehazten hasitakoan leku fisiko baten beharra igarri zuten. Hala, iazko ekainean hitzarmena sinatu zuten Udalarekin Ilargi plazako lokala, Zainduz gimnasioaren egoitza izandakoa, herriko emakumeei uzteko. Elkarte pribatua eta anitza izango dela iragarri dute, emakumeendako erreferentziako lekua. Eta iragarri dute egongo direla hitzaldiak, ikastaroak eta beste hainbat kontu.
Irailaren 23an ekitaldiak
Dena den, oraindik Udalaren oniritziaren zain daudela argitu dute.Hori jaso bitartean Emakumeen Mundu Martxarekin bat egingo dute. Debagoienera urriaren 2an iritsiko da, Bergarara hain zuzen, baina Aretxabaletan irailaren 23an, eguaztena, ospatuko dute. 19:00etan, pauso moreak margotuko dituzte Lau bankuko plazan; ondoren, landareak landatuko dituzte Ilargi plazan, eta 21:00ak aldera afari merienda eskainiko diete elkartutakoei.